Olatz Gabilondo, lehiatzen hasi den urtean txapeldunorde

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mai. 23a, 08:42

Olatz Gabilondo txirrindularia, Segurako proban. (Argazkia: Angel Elorza)

Duela bi aste Seguran jokatutako txirrindularitza proban Gipuzkoako txapeldunorde izan zen Olatz Gabilondo bergararra, elite mailan, 23 urtez azpiko kategorian. Lehen urtea du lehiaketetan, eta dio "sorpresaz" harrapatu zuela egindako lorpenak.

Maiatzaren 9an Seguran egindako lasterketara "proba amaitzera" eta "ikastera" joan zela dio Lokatza Ziklismo Eskolako txirrindulariak, nahiz eta "espero barik" bigarren postua eskuratu zuen azkenerako; eta, horrenbestez, Gipuzkoako txapeldunorde izan zen elite mailan, 23 urtez azpiko kategorian: "Hasieran ez nekien Gipuzkoako txapelak jokoan zeudenik, eta sorpresa handia hartu nuen".

82 kilometroko ibilbidea egin zuen txirrindulariak: "Irten ginenean euria hasi zuen, eta euriarekin lehiatzen nintzen lehen aldia izan zen". Zegama aldera joan zen, lehenik eta behin, tropela, eta taldea "zabalduz" joan zela azaldu du. Aldapan gora zihoazela, abiadura handitu egin zuten txirrindulari batzuek, "eta atzera samar geratu nintzen". Gero, baina, atzetik zetorren taldera batu ahal izan zen Gabilondo, eta, azkenerako, bigarren helmugaratu zen: "Zirkuituari lau bira eman genizkion lasterketan, eta, beraz, zaila egin zitzaigun norberaren sailkapenaren berri jakitea. Hirugarren biran klubeko kide batek esan zidan sailkapenean bigarren nindoala, eta izugarri harritu ninduen". Gabilondorentzat "sorpresa handia" izan zen lorpen hura: "Pozik eta ilusioz hartu nuen".

Lehen urtea lehiatzen

Unibertsitateko ikasketak egiten dihardu bergararrak, eta, horretan hasi aurretik bizikletan zertxobait ibiltzen bazen ere, azkenerako, txirrindularitza alde batera uztea erabaki zuen. "Aurten, hala ere, berrekitea pentsatu dut, baita lehiatzen hastea ere. Hori horrela, esan daiteke aurten hasi naizela txirrindularitzan, eta 21 urterekin hastea ez da batere ohikoa izaten", adierazi du.

Olatz Gabilondo: "Hasierako fase honetan, ilusioa, gogoa eta esfortzua elementu gakoak dira, eta horiek ez zaizkit falta"

Adaptazio fasean dago egun Gabilondo: "Unibertsitatea eta txirrindularitza uztartzen ditut orain. Entrenamendu nahiko gogorrak egiten ari naiz, eta, batzuetan, gogorra egiten zait, baina gustura egiten dudan zerbait da". Gaineratu duenez, batez ere, lasterketetan "maila" eman ahal izateko ari da ahal bezain gogor entrenatzen. "Hasierako fase honetan, ilusioa, gogoa eta esfortzua elementu gakoak dira, eta horiek ez zaizkit falta", dio. Elikadura ohiturei buruz galdetuta, aitortu du "betidanik" egin duela elikadura osasuntsuaren aldeko apustua.

Koronabirusa, oztopo

Denboraldia hastear zegoela konfinatuta egon behar izan zuen txirrindulariak, eta, beraz, martxo inguruan lehiatu zen estreinakoz bizikleta gainean: "Lehen lasterketan, beraz, ezin izan nintzen egon. Hori gutxi balitz, bigarrenean ere ezin izan nuen parte hartu, protokoloari jarraiki". Entrenamenduak arrabolean egin behar izan zituen garai hartan, eta hori ez zitzaion erosoegia egin. "Gauzak horrela, hiruzpalau lasterketatan soilik hartu dut parte txirrindularitzan hasi nintzenetik", esan du.

Pixkanaka, "erritmoa hartzen"

"Lehen lasterketa egin nuenetik orain arte sumatu dut asko ikasi dudala, nahiz eta oraindik proba gutxitan parte hartu dudan", onartu du. Poliki-poliki "erritmoa hartuz" doala dio: "Eta, batez ere, ikasten ari naiz". Besteak beste, bizikleta gainean aritzeko gakoen artean dago tropelean "nola kokatu" jakitea, haren ustez: "Horri ere neurria hartzen ari natzaio".

Denboraldia amaitu artean lehiatzen ikasi gura duela dio, baita hori eginez disfrutatzea ere. Hurrengo proba asteburu honetan izango du, Lizarran: "Gazte mailako mutilekin arituko naiz, punturik ez lortu arren, esperientziaz gozatu guran".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak