Bergarako Pentekoste jaietan klasiko bat da Xaxau Jai Konpartsak antolatzen duen film laburren lehiaketa. Aurten, bederatzigarren edizioa izango da, eta zenbait berritasunekin dator.
Ondo errotutako hitzordua da Pentekoste jaietako film laburren lehiaketa, eta, urteen poderioz hazten joan den ekitaldi partehartzailea izanda, edizio honetan ere harrera ona izan du. Gainera, Oscar sarien antzera, gala formatuan egingo dute sari banaketa, domeka honetan, 19:00etan, Seminarixoan.
Berritasunak aztertuz, edizio honi begira, sari banaketa ekitaldia gala eran egiteaz batera, aurreko edizioekin alderatuz sari gehiago izango direla ere azpimarratzekoa da. Urtero, film labur onenaren saria eta ikusleen saria izan ohi dira; oraingoan, baina, horiez gainera, aktore onenaren saria eta edizio onena duen lanari saria ere izango dira. Horrekin batera, Seminarixoko ekitaldira doazenentzat photocall-a jarriko dute sarreran, eta, horrela, bertaratzen diren ikusle, partehartzaile, senide eta lagunei, handik pasatzeko eta argazkiak ateratzen geratzeko eskaera egin diete antolatzaileek.
'Bixamona ze?' eta pintza
Guztira, herritarrek zazpi lan aurkeztu dituzte Xaxau Jai Konpartsak antolatutako film laburren lehiaketaren bederatzigarren ediziora, eta parte-hartzearen bete beharreko baldintza zein ezaugarriak honako hauek izan direla adierazi du Andoni Etxezarreta antolakuntza taldeko kideak: "Gehienez bost minutuko lanak entregatu behar izan dituzte parte-hartzaileek. Dagoeneko horiek entregatzeko epea amaituta dago. Urtero, objektu bat eta esaldi bat ezartzen ditugu bete beharreko oinarrietan, lanean ezinbestean agertu beharrekoak. Aurten, azaldu beharreko objektua arropak eskegitzeko pintza bat izan da eta erabili beharreko esaldia, berriz, Bixamona ze? galdera. Zazpi lan jaso ditugu, eta antolakuntzakook pozik gaude parte-hartzearekin. Lanak kalitatezkoak izango direla ere ez dugu zalantzan jartzen, eta, hala, umorea ere presente egongo dela ahaztu barik, ikus-entzunezko horien proiekzioan oso ondo pasatuko dugula ez dut zalantzarik".
Sari banaketa ekitaldia
Sari banaketari dagokionez, domeka honetan izango da ekitaldia, eta online Youtubeko Xaxau Konpartsa orrialdean, streaming bidez, zuzenean, eta aurrez aurre jarraitu ahal izango den gala formatuan egingo dute. "Seminarixoko galarako zenbait sarrera jarri ditugu. Batetik, film laburren lehiaketan parte hartu dutenentzat kopuru bat –20-30 sarrera inguru–, lanen egileen ordezkaritza bertan izateko. Eta, bestetik, gainontzeko sarrerak, berriz, martitzena ezkero daude salgai Seminarixoa.eus webgunean, interesa duten herritarrek hartzeko moduan. Hala, , 100 lagun ingururentzako edukiera izanda aretoak, ekitaldi ederra izatea aurreikusten dugu", adierazi du Andoni Etxezarretak.
Seminarixotik zuzenean emitituko dute film laburren ekitaldi osoa, eta, aurkezpenarekin batera lan guztiak proiektatu ostean, denbora bat izango dute herritarrek ikusleen saria hautatzeko botoa emateko. Esteka bat jarriko dute Xaxau Konpartsaren sare sozialetan horretarako, eta Seminarixoan bertan daudenek edo gala etxetik zuzenean jarraitzen ari diren herritarrek helbide horretan sartu, eta pertsona bakoitzak boto bat emanez publikoaren saria zein lanentzat izango den aukeratuko da.
Kalitatezko epaimahaia
Bergaran zine industriako profesional ugari dago. Hori horrela, ikus-entzunezkoen arloan eta arte eszenikoetan aritzen diren lau bergararrek osatutako talde ederra antolatu dute lanak aztertzeko eta saridunak zeintzuk izango diren hautatzeko. Epaimahaikide gisa honako hauek jardungo dute Seminarixoko galan: Jon Olivares aktoreak, KB Photoestudioko argazkilari eta bideogile Jone Albenizek, gaztetxeko Dynamo zineklubeko Irati Olaziregik eta Zinemaon Bergarako Zinekluba plataformako ordezkari batek.
Lehiaketaren eboluzio ona
Xaxau Jai Konpartsak antolatutako film laburren lehiaketa duela bederatzi urte hasi zen, eta hasi zenetik gaur egunera izan duen eboluzioa nabarmena izan dela adierazi du Etxezarretak: "Hasieran, xumeagoa zen film laburren lehiaketa. Agian, ez zelako hainbeste jenderengana iristen… Baina, urteen poderioz, jaietako hitzordu azpimarragarri bihurtu dela esan dezakegu. Edizioz edizio indartzen joan da, eta, esaterako, duela bi urte, hamaika lan aurkeztu zituzten herritarrek; iaz, urte berezia izan zen, eta, dena online egin genuen arren, oso pozik geratu ginen partehartzearekin. Iazko kasuan, epe laburragoa izan zuten partehartzaileek lanak egin eta entregatzeko; beraz, baldintzak malguago jarrita antolatu genuen. Esaterako, hiru minutuko lana entregatu behar izatea… Hala, herriko festetan errotu den ekintza bat da, eta, jendeak gustura eta gogoz parte hartzen duen egitasmoa izanda, aurtengoa ere arrakastatsua izatea espero dugu".
Aurten ere parte hartzera
Asier Muñoz. Xaxau Jai Konpartsak antolatutako film laburren lehiaketako partaidea
"Zenbait ediziotan hartu dugu parte film laburren lehiaketan. Iaz, irabazi egin genuen, eta aurten ere gustatuko litzaiguke hala izatea. Guztira, bederatzi minutuko ikusentzunezkoa egin dugu, eta, gehienez bost minutukoa izan behar denez, kostatu egin zaigu lana laburtzea. Horrekin batera, gure taldekide guztiak grabaketarako batzea ere ez da erraza izaten, baina gero, bikain pasatzen dugu, barre asko egiten dugu. Gure lanak umorea du ardatz, baina, esan bezala, moztu egin behar izan dugunez, ea ikusleek ulertzen duten eta gustukoa den".