Arcelor Mittalen neurriak har ditzaten eskatu du ELAk

Maialen Santos 2021ko mai. 21a, 09:08

Uste dute Arcelor Mittal Bergaran lan-karga handitzeak enplegua eta industria-proiektua "sendotzea" ekarri beharko lukeela.

"Euskal Herriko industrian eta Arcelor Mittalen, zehazki, lan-karga oso handia izango da datozen hilabeteetan. Iragarritako susperraldia sendotzen ari da, eta ezinbestekoa da euskal industria indartuta ateratzea", adierazi du ELA sindikatuak.

Langile klasearen zergekin, ABEEak finantzatzen ari direla salatu dute: "Gainera, irits daitezkeen Europako funtsak behar bezala erabili beharko lirateke industria-ehuna berritzeko eta garatzeko, eta ezin dira gizarte-estaldurak okerragotzearen mende egon".

Gehitu dute azken urteak "bereziki gogorrak" izan direla Bergarako lantegiarentzat: "Lantaldearen murrizketa etengabea izan da. Duela hamarkada batzuetako ehunka langileetatik, ehun inguru baino ez dira egun, eta batez besteko adina berrogeita hamarretik gorakoa da, azken urteotan ez baita ia kontrataziorik egin. Enpresak ekoizpen-mailei aurre egiteko egin duen apustua azpikontratazioaren hedapen puntuala izan da".

Neurriak hartzea eskatu du ELAk: premiazko inbertsioak eta fabrikaren etorkizuna bermatuko duen industria-plana egin dezaten, eta baita plantila berriztu dezaten ere; zuzenean kontratatuz eta txanda-kontratuaren bidez ordezkatuz erretiro partziala hartzen duten pertsonak, alegia. Azkenik, "erakundeen inplikazioa" ere eskatu dute, "Arcelor Mittalek Euskal Herria desindustrializatzeari utz diezaion".

Zehaztu dutenez, azken urteotan hainbat lantoki itxi dituzte (Zarran, Agurainen eta Zumarragan), eta "enplegu galera" etengabea izaten ari da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak