Amaitu da UDAren eta Bergararen ametsa, biak daude kanpoan

Julen Iriondo 2021ko mai. 16a, 20:15

Mahoneroek 0-1 galdu zuten atzo etxean Añorgaren kontra –joaneko neurketan 3-2 izan ziren galtzaile–. Eta Aretxabaletak ez du baliatu joanekoan Ibarran lortutako 2-0ekoa, gaur Lesakan 3-0 galdu dute-eta. Hirugarren mailara igotzeko play-off-etik kanpo geratu dira bi talde debagoiendarrak.

Atzo Bergarako zaleek jasotako albiste txarra jaso dute Aretxabaletakoek Lesakan 19:00ak baino apur bat lehenago amaitu den partiduan. Berez, Beti Gazte zen UDA baino faboritoago kanporaketa gainditzeko, baina Larbururen mutilek partidu borobila egin zuten joan den astean Ibarran, eta 2-0eko abantailarekin joan dira gaur Lesakara. Bada, ez da nahikoa izan, 3-0ekoa jasota aretxabaletarrak, bergararrak moduan, kanpoan geratu dira-eta.

Beti Gaztek 40.minutuan egin du 1-0ekoa, eta  atsedenaldira joan aurretik kolpea izan da hori. Bigarren zatian beste bi gol egin dituzte lesakarrek eta UDAk ezin izan du horren baliotsua izango zen gola egin.

Bergarak, lehia borrokatua

Neurketa oso borrokatua jokatu zuten atzo Bergarak eta Añorgak Agorrosinen. Lehen zatian, kanpokoek ere izan zuten aukeraren bat, baina gehienak eta garbienak etxekoenak izan ziren. Golik egin ezin, ordea, eta hutsean zen markagailua bigarren zatiaren hasieran. 

Añorgak gola egin eta oso aldapa gora jarri zitzaion kanporaketa Bergarari; azken ia hogei minutuak jokalari bat gehiagorekin jokatu zituen –kanpoko jokalari bat egotzi duelako epaileak–, baina mahoneroak ez ziren, hala ere, kontrarioen atean arrisku handiegirik sortzeko gai izan.

Bergararen entrenatzaile Jose Javier Barkero penaz zen zaleei –partidua zuzenean ikusten ere izan ziren batzuk, zelaia inguratzen duen harresiaren gainetik; asko animatu zuten taldea, gainera– ezin izan zietelako garaipena eskaini. "Egindako denboraldiarekin oso harro egon behar dugu", esan zuen, hala ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak