'Bergara 2030 egin herrixa' plana: eragileekin bilerak, datorren astean hasita

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mai. 10a, 16:13

Planerako diagnostikoaren laburpenarekin erakusketa txiki bat jarri dute Agorrosinen.

2030eko Bergara nolakoa izatea nahi duten irudikatzea helburu duen 'Bergara 2030 egin herrixa' planerako eragileekin datorren astean hasiko da elkartzen Udal Gobernua. Hilaren 17an eta 18an bilera bana izango dute, besteak beste. Bestalde, apirilaren 15ean aurkeztutako diagnostikoaren laburpen batekin erakusketa txiki bat jarri dute Agorrosinen.

Hurrengo astean abiatuko dituzten bilera horien helburua da arloka plan estrategikoak izango duen ekintza plana diseinatzea, helburuak definitu eta horiek betetzeko ekintzak proposatzea, alegia.

Maiatzaren 17an, 18;00etan elkartuko dira osoko bilkuren aretoan mugikortasun eta lurralde arloetako eragileak gai horiei lotutako ekintza plana diseinatzen hasteko. Hurrengo egunean, maiatzaren 18an, ordu berean, baina UNEDen, ekonomia arloko eragileen txanda izango da. Hurrengo asteetan herritarren arloko eta ingurumen arloko bilerak ere egingo dira. Aurrerago herritarrekin ere egingo da lanketa.

Bestetik, udal barruan dagoeneko hasi dira plan estrategikoko arloetako bilerak egiten.

Erakusketa Agorrosinen

Esandako moduan, plana osatzen hasi aurretik udalerriaren diagnostikoa egin du Udal Gobernuak, Izadi 21 aholkularitza enpresaren eskutik. Apirilaren 15ean aurkeztu zen jendaurrean, Seminarixoan. Erakusketa bat ere osatu da Bergaraz egin den argazki horrekin eta Agorrosingo goiko pisuan dago ikusgai apirilaren 23a ezkero, Agorrosin irekita dagoen ordutegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak