Espainiako txapelketarako txartela lortzeko aukera guztiak galdu ditu Burdinolak

Aitor Martinez Gorosmendi 2021ko mai. 3a, 14:45
Burdinola Irristaketa Klubeko jokalariak.

Burdinola Irristaketa Klubak asteburuan izan dituen bi partiduak galdu ditu, eta ondorioz, ez du Espainiako txapelketarako txartela lortu.

Burdinolako jokalariek bi partidu jokatu zituzten zapatuan: lehen partidua Skull Almasseraren valentziarren aurka izan zen, eta bigarrena, CPL Valladoliden aurka.

Skullen aurkako lehen gola Burdinolako Ander Legorburuk sartu zuen, baina bi minutura berdinketa etorri zen; eta bigarren zatia hasi eta minutu erdira bigarren gola sartu zuten Valentziako jokalariek. Skullek beste bi gol sartu ostean partidua okertu bazen ere, Burdinolak ez zuen amore eman eta Itxaso eta Aitor Markiegi anai-arrebek gol bana sartu zituzten, berdinketarako gol baten zain. Partidua bukatzeko segundo batzuk falta zirenean Skulleko jokalariek bostgarren gola sartu eta garaipena eskuratu zuten.

Penaltietan galdu

Handik hiru ordura jokatu zuen bigarren partidua Burdinolak CPLVen kontra. Lehenengo zatia binako berdinketarekin bukatu zen, Aitor Markiegik taldearen bi golak sartu ostean. Bigarren zatia oso parekatua egon zen arren, ez zen golik izan. Bost minutuko luzapenean ez zen berdinketa haustea lortu, eta hortaz, penaltien bidez erabaki zen emaitza. Burdinolakoek ez zuten zorte handirik izan penaltiekin, eta CPLVek lortu zuen garaipena.

Espainiako txapelketarako txartela lortzeko aukera guztiak galdu zituen taldeak eta "lur jota" geratu ziren jokalariak egindako lanak fruiturik ez duelako eman. Hala ere, "oso harro" agertu ziren erakutsitako jokoarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak