Datorren denboraldian lehiari berrekiteko zain

Hasier Larrea 2021ko mai. 2a, 13:45

Mutilen kadete errendimenduko jokalarien talde argazkia (Irudia: BKE)

Bergara Kirol Elkarteko saskibaloi saileko hamar taldeetatik mutilen errendimendu mailako kadeteek bakarrik jokatuko dute partiduren bat sasoia amaitu bitartean; gainontzekoak entrenatzen dabiltza, Labegaraietan eta Mariaren Lagundiko kantxan.

Maiatza ate joka dagoen arren, urtea hasi zenetik ia ez dute txapelketarik jokatzeko aukerarik izan Bergarako saskibaloi taldeek. Irailean kadeteek eta seniorrek denboraldiari norgehiagoka ofizialak jokatzen ekin bazioten ere, federazioek berehala eten zituzten herriko taldeak parte hartzen zebiltzan ligak, osasun egoeraren kaskartzea medio. "Gizonezkoetan zein emakumezkoetan, seniorrek, juniorrek, kadeteek eta infantilek astean zehar soilik entrenamenduak egitearekin konformatu behar izan dute", adierazi du BKEko saskibaloi saileko presidente Marian Melladok.

Aurtengo lehortean oasi txiki bat agertu zen joan den asteburuan, mutilen kadete mailako errendimenduko ligako taldeak Euskal Ligara igotzeko kanporaketan parte hartzeko gonbidapena izan baitzuen. Melladok azaldu duenez, "Euskal Ligan bi plaza zeuden hutsik; eta beheko ligan gaudenoi esan ziguten ea kopa txiki bat jokatu nahi genuen; baiezko erantzuna eman genion Federazioari". Gauzak horrela, hilaren 24an, La Cerve Askatuaken kantxara, Donostiara, joan ziren saskibaloi jokalariak, finalerdi kutsuko neurketari aurre egiteko. Irabazlea zuzenean sailkatuko zen datorren denboraldiko Euskal Ligarako. Hala ere, herriko taldea ez zen aurkaria garaitzeko gai izan.

Kontuak kontu, hor ez da amai-tuko talde horren aurtengo ibilbidea, jokalariek lagunarteko txapelketa batean parte hartuko baitute maiatz eta ekain artean.

SASKIBALOIA PRAKTIKATU NAHI DUENAK ATEAK IREKITA DAUZKALA DIO KIROL ELKARTEAK

Instalazio berritua

Albiste onak ere jaso ditu, halaber, saskibaloi sailak, Labegaraietako kiroldegi berriak ateak ireki baitzituen otsailaren hasieran, herriko kirolariei zerbitzu integral hobetua eskainita. Saskibaloi saileko presidenteak kiroldegia "ondo" dagoela nabarmendu du: "Egin dituzten lanak positiboki baloratzen ditugu, igartzen baita hobekuntza kantxan, saskietan, aldageletan eta gimnasioan, besteak beste". Nolanahi ere, eragozpen txiki bat ikusten die instalazioei: kirol talde guztien beharrak asetzeko toki falta: "Erabiltzaile asko gaude Labegaraietan, eta ez gara guztiok sartzen; guk, esaterako, Mariaren Lagundian eta kiroldegian entrenatzen gara, txandaka, egutegiaren eta ordutegiaren arabera".

Hain zuzen, Mariaren Lagundian aritu dira Labegaraietako obrek iraun duten hilabeteetan entrenatzen. Gainera, astean birritan Arrasateko kiroldegira ere joan izan dira lan-saioak burutzera.

Hiruko txapelketa, "nolabait"

Urteko ekintza ikusgarri eta indartsuenetako bat izaten da herriko saskibaloi sailarentzat San Martin plazan antolatzen duten hiruko txapelketa (3x3). Antolatuko ote duten galdetuta, Melladok "zail" ikusten du, baina argi dauka euren eskuetan dagoena egingo dutela "zerbait" aurrera ateratzeko: "Jokalarien arteko kontaktua debekatzen badute, beste formularen bat pentsatuko dugu; aurreratu dezakedan ba-karra da ekainaren 19ko eta 20ko egunak gordeta dauzkagula eta Udala jakitun dela".

Ateak irekita

Bestalde, zuzendaritzatik gogoratu nahi izan dute saskibaloian jokatzeko gogoa duen orok taldekako kirol hori praktikatzeko ateak zabalik dituela: "Klubaren parte izan nahi dutenak gure ondora erakartzea da orain garrantzitsuena". Gaur-gaurkoz, hiru talde daude seniorretan, bakarra junior mailan eta beste hiruna infantil eta kadeteetan, emakume eta gizonezko kategoriak aintzat hartuta. Saski eskola ere martxan dago, 8 eta 12 urte artekoentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak