Aurretik ere sortuta zegon arren, pandemia garaian hartu du indarra Bergarako Kultura Mahaiak. Kultura bere onenean ez dagoen arren, kontsumoa igo egin dela diote Kultura Mahaiko kideek, eta horren adibide dela Bergaran antolatu diren ekitaldiek herritarrengandik izandako "erantzun beroa".
Herriko eragileei garrantzia
Kulturaren bueltako hainbat alderdi landu gura ditu Kultura Mahaiak, eta, aitortu dutenez, hasiak dira aurtengo udara begira egitarau "oparoa" prestatzen. Proiektuek herriko eragileen arteko elkarlana eta elkar ezagutza sustatzea dute helburu, esaterako, baita zero kilometro kontzeptua lantzea ere.
Emakume sortzaileak ahalduntzeko parekidetasuna lantzea da Kultura Mahaiaren beste helburuetako bat, baita euskara ardatz aniztasunari lekua egitea eta auzoetara heltzea ere.
Iazko ekitaldien arrakasta
2020ko udako egitaraua prestatzerakoan Kultura Mahaiak lan garrantzitsua egin zuela azaldu zuen orduan Udalak, eta aurten ere elkarlanean ari direla azaldu du Kultura Mahaiak: "Mahaiaren lan hori gabe ez litzateke udako eskaintza arrakastatsua izango. Gure nahia, desioa eta helburu nagusia Kultura Mahaiarekin lanean jarraitzea da".
Ekintzak, uda osoan
Iazko arrakasta ikusita aurtengo udarako ere "antzeko egitaraua" prestatzen dabiltzala azaldu du Kultura Mahaiko kide Unai Barrutiabengoak: "Lotuta ditugu dagoeneko hainbat emanaldi, nahiz eta oraindik azken kontu batzuk falta diren. Musika soilik ez, tailerrak, antzezlanak eta halako ekintzak antolatuko ditugu".
Iaz egin bezala, "ezagunagoak" diren artistak ekartzeaz gain herriko musikari eta eragileei lekua eskainiko zaiela azaldu du Kultura Mahaiak. Era berean, fokua uztailean jarri nahi izan dutela azaldu du, nahiz eta abuztuan ere izango den zerekin gozatu: "Bizi dugun egoeran, herritarrek kanpora irteteko gogoa dutela uste dugu, eta, ohiko urteetan bezala, abuztuan herritar gutxiago ibiltzen dira herrian".
Bergararrei parte hartzeko deia
Joan den asteburuan egin nahi zuten bilera irekia, baina bertan behera utzi behar izan zuten. Aurrerago egiteko asmoa dutela azaldu eta herritarrak gerturatzera animatu dituzte, bergara.kultura.mahaia@gmail.com helbidera idatzita.