Bergarako ortu komunitarioen gaineko lehen bilera egingo da apirilaren 28an

Aitor Martinez Gorosmendi 2021ko api. 23a, 11:30

Ortu komunitarioak martxan jarri nahi ditu Bergarako Udalak, eta ekimena lantzeko bilera irekia egingo da datorren asteazkenean, hilaren 28an, 18:00etan, UNEDen.

"Bergarako lurretan egitasmoa aurrera eramateko hainbat modu egon daitezke, eta horiek definitzeko partaidetza prozesu bat irekiko da. Horrela ikusiko dugu gaian interesa duten pertsonek zein behar edo nahi dituzten ortuen gaiari dagokionean. Horiek ezagutuz erantzun egokia eman ahal izango die Udalak", adierazi du Ekaitz Aranberri zinegotziak.

Hainbat gai mahai gainean

Partaidetza prozesuan hainbat gai jorratuko dira, besteak beste, ortua izan nahi duten eta lurrik ez duten herritarrentzako lur zati bat lagatzea eta lagapen honen funtzionamendua adostea, herri edota eskualde mailan egon daitezkeen ekimenak ezagutu eta hauen bideragarritasuna aztertzea, eta ikastetxeekin eta haurrekin ortuen inguruko lanketa gauzatzeko eta handitzeko aukerak aztertzea.

Egitasmo honekin Udalak hainbat helburu bete nahi ditu, besteak beste: hiri eta hirigune inguruko espazioa erabilera publikorako berreskuratzea; ortuen izaera hezitzailea eta ludikoa sustatzea; autokontsumoa bultzatzea; hiri inguruneak dinamizatu eta gizarte loturak indartzea; hirigintza parte-hartzaileagoa martxan jartzea; Bergarako biztanleriaren artean bizimodu jasangarrirako ohiturak sustatzea, hala nola, nekazaritza ekologikoa edo energiaren optimizazioa eta baserri bizimodua eta kaleko bizimoduaren arteko oreka bilatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak