Beñat Eizagirrek (ahotsa eta gitarra), Unai Aretxabaletak (baxua eta koruak) eta Xabat Ituartek (bateria eta koruak) osatzen duten Dena talde ondarrutarrak lehen diskoa aurkeztuko du bihar, 17:30ean.
Askotariko gai eta doinuak
Sentitzen dutena kantu bihurtuz, askotariko gaiak landu ohi dituzte: apatia, bakardadea, ignorantzia... "Horien artean, azpigaiak ere agertzen dira. Kantuen interpretazioa ere nahiko librea dela uste dugu. Batari edo besteari sentiarazi diezaiokeena desberdina izan daiteke". Estiloari dagokionez, rock alternatibo, post hardcore eta stoner rock estiloetako musika egiten dutela azaldu dute, beste hamaika ukitu eta ñabardurarekin: "Traparen oinarri batzuk erabili ditugu, musika elektronikoa sartu dugu, punkera hurreratzen den kantu bat ere badugu... Alegia, ez dugu inolako aurreiritzirik".
'Txapa jaia', bueltan
Azken urtean irratiko uhinak "bizi-bizi" eduki dituzten arren irratitik antolatu ohi dituzten ekitaldi asko bertan behera gelditu behar izan direla azaldu dute, eta, ondorioz "poz handiz" iragarri dute bueltan datorrela Txapa jaia, irratitik kolektiboki antolatu ohi duten musika-ekitaldia.
Azken urtean kartzela zaharrean egindako gainontzeko ekitaldietan bezala, eta COVID-19ak eraginda, edukiera 35 pertsonara mugatuta egongo da, eta segurtasun baldintzak ezarri dira. Sarrerak kontzertua baino ordubete lehenago eskuratu daitezke, kartzela zaharrean bertan, bost euroren truke.