Dokumentalak ikusten hazi zela azaldu du Lexeia Larrañaga bergarar zuzendariak. Arte Ederretan lizentziaduna, unibertsitatean zela lehen bideokamera erosi eta Doñanako parke naturalean lehen enkargua jaso zuenetik, ikus-entzunezkoen alorrean aritu da lanean. Bere lehenengo film luzea eta hiru urte inguruko lana da gaur estreinatuko den Natura Bizia dokumentala.
Euskal Herriko biodibertsitatea
Euskal kostaldetik hasi eta Nafarroako Pirinioetara eta Bardearaino, paisaiaren biodibertsitatea eta balioa azpimarratu nahi izan dutela azaldu du: "Oso paraje aberatsak eta ezberdinak ditugu gurean. Itsaslabar malkartsuak, itsaso amaigabea, magiaz beteriko basoak, kareharrizko mendi altuak... Guztiek bizipen ahaztezinak eskainiko dizkigute".
Faunak ere protagonismo berezia hartu du: "Munduko zetazeo handienen artean egingo dugu igeri, gertutik biziko dugu Europako tximeleta ederrenaren metamorfosia, eta baita bisoi europarraren eguneroko momentuak, esaterako".
Une "ezin aproposagoan"
Gaurtik hasita ikusgai izango da pantaila handian Natura bi-zia. Gaia zinemara eramatea ez dela erraza azaldu du Larrañagak, baina, hala ere, une "ezin aproposagoa" dela uste du: "Bizi dugun egoeran, naturaren garrantziaz jabetu gara, eta zaintzean indarra egin beharraz".