Juan Ramon Unamuno: "Lanak herrian aurkezten ditugu beti lehenengoz"

Jone Olabarria 2021ko api. 18a, 10:19
Juan Ramon Unamuno, Zabalotegin eskainitako kontzertu batean.

Poesia eta musika bateratuz, 'Muga' ikuskizuna eskainiko dute Balea Zuriako kideek Jon Makuso biolin jolearekin eta Juan Ramon Unamuno gitarra jole bergararrarekin

Apirilaren 24an iritsiko da Seminarixora Muga ikuskizuna. Poesia eta musika oinarri, emanaldi berezia izango dela azaldu du Juan Ramon Unamunok.

Nolako emanaldia eskainiko duzue datorren asteburuan?

Musika eta poesia uztartuko dugu, eta hiru atal izango ditu: lehenengoan, aipuak eskainiko dira, musikatuta, eta, Balea Zuriako kideek errezitatzen dituzten bitartean, Jon Makutok biolinarekin eta nik gitarrarekin musikatu egingo ditugu; bigarren zatian, poeta bakoitzak bere poesia errezitatuko du; eta azken zatia kanta bat izango da, Charles Baudelaireren jaiotzaren 100. urteurrena dela eta. Bere poema oso poema polita eta hunkigarria da, neskato eskale baten istorioan oinarritua.

Muga ikuskizunarekin izango zarete Bergaran, baina aurretik ere baduzu esperientzia poesia musikatzen...

Miguel Altunako aretoan egin nuen musikatutako lehen erre-zitala, 1971. urte inguruan. Aurretik ere Gabriel Aresti, Xabier Lete, Machado, Lorca... irakurtzen nituen, eta niretzat oso garrantzitsua izan zen. Idazten dut poesia, baina niretzako, ez dut ostean partekatzen. Poesiaren bat noizbait kantatuz plazaratu izan dut, baina beti nirea dela esan gabe.

Nondik etorri zen Balea Zuriakoekin kolaboratzeko aukera?

Felipe Juaristirekin harreman handia nuen gaztetatik. Balea Zuria izan aurretik, beste hiru poetarekin jarri ninduen harremanetan, eta hainbat errezitaletan aritu izan gara. Bergaran ere egon ginen, 2017an, Aroztegin. Ordutik, askotan eskatzen didate musikatzeko.

Bergarara bueltan, kontzertu berezia izango da herrikoa?

Disko edo lan bat atera dugun bakoitzean, Bergaran aurkezten dugu beti lehenengoz, eta oraingoan ere hala izatea nahi nuen. Lehen aldia izango da niretzat Seminarixoko areto berrian jotzen, eta oso aukera berezia da.

 

Balea Zuriako kideekin elkarlanean

Duela hamar urte poesia jardunaldi batzuen harira elkartu ziren lau lagun eta poetak abian jarritako proiektua da Balea Zuria; tartean, argitaletxe bat osatu zuten: "Galderak egiten jarraitu nahi dugu, galdetzea azalekoan ainguratuta ez geratzea baita". Aritz Gorrotxategi, Pello Otxoteko, Felipe Juaristi eta Juan Ramon Makuso izango dira Bergarako ikuskizunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak