Udaleku irekietan izena emateko epea zabaldu dute Bergaran

Josu Bilbao Atxutegi 2021ko api. 13a, 20:12

Bergarako udaleku irekiak aurkeztu dituzte. Argazkia: Bergarako Udala.

Apirilaren 25era arte eman ahal izango da izena. Aurten, lehen aldiz, Aranzadi ikastolak, Mariaren Lagundia ikastolak eta San Martin Agirre ikastetxeak, elkarrekin herri mailako udalekuak antolatzeko apustua egin dute, Jardunekin eta Bergarako Udalarekin batera.

Udaleku irekietan izena emateko epea zabaldu dute Bergaran, eta apirilaren 25era arte. Udaleku irekiak aurrera eramateko, herriko ikastetxe guztiek instalazioak utziko dituzte, horrela, pandemia sasoiko egoera aldakorrari hobeto erantzuteko.

Aurten, lehen aldiz, Aranzadi ikastola, Mariaren Lagundia eta San Martin Agirre ikastetxeek elkarrekin antolatu dituzte udaleku irekiak.
"Eskolen arteko zubiak eraikitzeko plana egiteko asmoa du Udal Gobernuak, Bergara izan, bizi, ekin planean jasotzen den moduan. Elkarlan hau bide horretan urrats bat da", azaldu dute Bergarako Udaletik.

2009-2016 urte bitartean jaiotako haurrei zuzendutako udalekuak ekainaren 28tik uztailaren 23ra egingo dira, 10:00ak eta 13:00ak tartean.
Aurretiko izen-ematea apirilaren 12tik 25era bitartean egin beharko da: udaletxean, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:45era eta ostegunetan arratsaldez: 16:00etatik 19:00etara. Liburutegian, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 20:30era eta larunbatetan 9:00etatik 13:00etara. Edota internetez.

Umeak adinaren arabera ikastetxe batean edo bestean arituko dira udalekuetan:
• HH4 eta HH5 (2016 eta 2015ean jaiotakoak) – Aranzadi ikastolan.
• LH1 eta LH2 (2014 eta 2013an jaiotakoak) – Mariaren Lagundia ikastolan.
• LH3, LH4, LH5 eta LH6 (2009 – 2012 bitartean jaiotako haurrak, biak barne) – San Martin Agirre ikastetxean.
• Angiozarren eta Osintxun ere udalekuak eskainiko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak