Asier Etxeberria nafarra nagusi Gorlan, Unai Iribar taldekidearekin iritsita

Julen Iriondo 2021ko mar. 28a, 16:38

Etxeberriak eta Ibarrako ziklistak bikain borobildu dute Laboral Kutxa talde osoaren lana. Lizarte eta Caja Rural ez dira, azken orduan, irteeran egon –COVIDarekin lotutako arrazoiengatik– eta lasterketa gura bezala atera zaio Laboral Kutxari. Taldeka ere eurak izan dira nagusi, Imanol Alvarez elgoibartarra izan da hirugarren, eta mendiko saria laugarren helmugaratu den Alexander Hejman norvegiarrarentzat izan da.

Lasterketa gorabeheratsua izan da hasierako zatian. Erorketa handi bat gertatu da lehenengo kilometroetan, eta lasterketan ziren bi anbulantziek ospitalera eraman behar izan dituzte zenbait txirrindulari –antolakuntzak lasterketa amaieran adierazi du ondo daudela–. Anbulantziarik gabe lehian ezin jarraitu, eta lasterketa geratu egin behar izan dute hogei minutuz; hori dela eta, ibilbidea hogei kilometro laburtzea erabaki dute, eta Osintxu eta Zubillaga arteko beheko zatian behar baino kilometro gutxiago eginda hasi dira txirrindulariak Gorlako lehen igoerarekin.

Lehen igoera horretan Alexander Hejman, duela hiru urteko irabazlea, nabarmendu da. Hogei segundo eskaseko aldearekin pasa da Elosuko gainetik, eta atzetik adi zetozen Laboral Kutxako ziklistak, bai norvegiarraren osteko bikotean, baita minutu erdi pasatxora igaro den laukotean eta baita minutuz bera zetorren tropelean ere. Gorlako jaitsiera amaitu aurretik harrapatu dute Hejman, eta, Deskargatik buelta, 50 lagun inguruko talde handiak ekin dio Gorlako bigarren eta azken igoerari. Eta hor, Laboral Kutxa jarri da agintzen. Taldeak erritmo bizia ezarri du mendatearen lehen zatian, eta ondoren etorri dira protagonisten erasoak. Azkenean balekoa izan den erasoa Asier Etxeberriak jo du, eta handik apur batera batu zaio Unai Iribar, hark ere erasoa jota. Elkarrekin eta biak besoak jasota sartu dira helmugan. Etxeberriak bigarren egin zuen 2019ko edizioan, eta taldeak hala erabakita berak zeharkatu du gaur aurrena helmugako marra.

Hirugarren posturako lehian, Imanol Alvarez elgoibartarrak atzean utzi du azken metroetan Hejman.

Alexander Hejmanek Malatu saria irabazi du mendiko sailkapenaz gain, Gorlako lehen igoeran buruan pasatzeagatik.

[SAILKAPENAK]

Erlazionatuak

Gorlako Igoera

Julen Iriondo 2021 mar 28 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak