Lasterketetarako gogo biziz daude Lokatzakoak

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 26a, 18:30
Bergarako txirrindulari klubaren aurtengo taldeen aurkezpena.

Joan den zapatuan egin zuten maila guztietako txirrindularien aurkezpena Lokatzakoek. Horrekin batera, domekan egingo den Gorlako igoeraren moldaketen berri eman, eta arduraz jokatzeko eskaera egin dute klubeko ordezkariek.

40 ziklista inguru ariko dira aurten Lokatzarekin eta nobedadea da emakumeen taldea ere egongo dela. Iñigo Larrañaga kirol zuzendariaren esanetan, negua "arraroa" izan da, neurri murriztaileak tarteko ezin izan dutelako nahi beste lan egin, baina urteari aurre egiteko gogoz daudela ere gaineratu du. Joan den zapatuan egindako talde guztien aurkezpenaz batera, domeka honetarako, Gorlako Igoeraren 46. aldia antolatu du Lokatzak; izango dituen molda-ketak eta zenbait xehetasun azaldu zituen.

Joan den zapatuan, Bolintxo okindegiak San Juan auzoan duen egoitzaren aurrean batu ziren Lokatza taldeko txirrindulari guztiak, eta, kategoria guztietako kirolarien aurkezpena egiteaz batera, argazkiak ateratzeko aprobetxatu zuten. Ion Unamuno Lokatza ziklismo eskolako presidenteak taldearen berri eman gura izan du: "Lokatza Bergarako taldea izan arren, bailarako selekzio txiki bat da; herri guztietako kirolariak ditugu. Klubak boladaka aritzen dira, batzuetan indartsuago egoten dira, beste batzuetan ez hainbeste... Gure kasuan, entrenatzaile oso onak ditugu, gaitasun handikoak, baina gutxi ditugu, kantitate faltan gaude. Edozelan ere, taldearekin oso pozik gaude".

Aurtengo denboraldiari begira Lokatza taldearen berritasun nagusietako bat emakumezkoen taldea dela adierazi gura izan du Unamunok. "Orain arte, eskolartekorainoko mailara arte izan ditugu emakumezkoak. Aurten, berriz, kadete mailako bi txirrindulari eta elite mailako beste bi txirrindulari lortu ditugu, taldean, errepidean aritzeko".

Gorlako Igoera domekan

Domekan, berriz, Lokatzak gorriz markatuta izaten duen hitzordua izango da: Gorlako Igoera. Denboraldiko egutegia prestatzeko osatutako kontingentzia planari jarraituz, lasterketak zenbait moldaketa izango ditu, zaleen zein kirolari guztien segurtasuna bermatzeko. Hain zuzen ere, jende gehien pilatzen diren une eta guneak kontrolatzean jarriko dituzte indarrak. Horrela, besteak beste, irteera, helmuga eta sari banaketa publikorik gabe izango dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak