Dimititu egin du Elena Letek, "arrazoi pertsonalak" argudiatuta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mar. 24a, 15:17
Elena Lete, atzean Bergarako EAJko zenbait kide dituela, atzo.

Elena Letek GOIENAri aurreratu dionez, "arrazoi pertsonalak" direla medio hartu du erabakia: "Topikoa dirudi, baina pertsonalak dira motibo nagusiak. Nire familiak dedikazio berezi eta osagarri bat eskatzen dit eta bateraezina da zinegotzi karguarekin". 2016ko urtarriletik 2019ko maiatzera Bergarako alkate izan zen Lete eta orain arte EAJren udal taldeko buru izan da. Maite Agirre izango da bozeramaile berria eta Martin Etxaniz izendatuko dute zinegotzi.

Leteren dimisioa martxoaren 29ko osoko bilkuran gauzatuko da eta apirileko bilkuran hartuko du zinegotzi kargua Martin Etxanizek.

Bergarak EAJk ohar bidez jakitera eman duenez, Letek dio "pribilegiatua" izan dela Bergararen alde lan egiteko aukera izateagatik. "Agertoki publikoa uzteko unean, ezin dut egin nire esker onik beroena erakutsi gabe; pribilegiatua sentitzen naiz Bergararen alde lan egiteko aukera izan dudalako, eta eskerrak eman behar dizkiot EAJri erabat partekatzen dudan herri proiektu batean parte hartzeko aukera honengatik". Gaineratu du talde "emankorra eta gogotsua" izan duela ondoan: "Elkarlana funtsezkoa izan da, eta talderik gabe ez zen posible izango. Horregatik guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkiet etapa honetako zinegotzi guztiei".

Orain arte oposizio burua izan denak dio pertsonalki, urte hauek guztiak "oso pozgarriak" izan direla: "Aurre egin beharreko erronkak asko izan dira eta burututako proiektuak ere bai. Eguneroko lanean akatsak egin ahal izan ditugu eta, ziurrenik,  bere lanarekin ados ez dauden pertsonak egongo dira eta horiei barkamena eskatu nahi diet. Hala ere, interes orokorraren bila aritu naiz beti, alderdikeriei jaramonik egin gabe eta inori kalterik ez egiten saiatuz".

Martin Etxaniz izango da EAJko zinegotzi berria, eta Maite Agirre zinegotzia izango da bozeramaile berria. Elena Lete Udaleko zinegotzi hautatu zuten 2015ean; eta, 2016tik 2019ra, alkate izan zen, Juan Jesus Alberdi ordezkatu ondoren. Bergarako EAJk ere esker ona mezua izan du Leterendako: "Udalerriagatik lan handia egin duen urteak izan dira, eta, horregatik guztiagatik, EAJren udal-erakundeak eskerrak eman nahi izan dizkio zerbitzu publikorako erakutsi duen bokazioagatik eta izan duen dedikazioagatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak