Haur eta gazte transexualen errealitatea bistaratzeko helburuz, jardunaldi arrakastatsuak Kartzela Zaharrean

Jone Olabarria 2021ko mar. 21a, 12:08

Ikusmina eragin dute herritarren artean asteburuan egindako jarduerek. Mi pequeño gran samurai dokumentalaren proiekzioak Kartzela Zaharra bete zuen egubakoitzean, eta atzo ere herritar ugari gerturatu ziren Transitos liburuaren aurkezpen solasaldira.

Kartzela zaharreko zineklubak –Dynamo zinekluba– eta Angiolillo liburutegiak elkarlanean antolatuta ekintza ugari egiten ari dira martxoan zehar, Transexualitate zikloaren baitan. Asteburu honetan baina, hitzordu bikoitza izan da Kartzela Zaharrean: Mi pequeño gran samurai dokumentala egon zen ikusgai egubakoitzean eta Transitos liburuaren aurkezpena egin zuten zapatuan. Antolatzaileek adierazitakoaren arabera, zikloak "harrera ona" izan du eta interesa eragin du herritarren artean.

2018ko otsailean bere buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi 16 urteko gaztearen istorioa ardatz duen Mi pequeño gran samurai dokumentalaren proiekzioak ikusmin handia eragin zuen bergararren artean, Kartzela Zaharra betez. Proiekzioaren ostean Aitzole Aranetak solasaldia eskaini zuen, eta azaldutakoaren arabera, Ekairen heriotzak, "tamalez", transexualitatearen baitan aurrera pausoak emateko balio izan du: "Ekairen heriotzaren ostetik EAEko transexualitate legeak ez du esaten buruko gaixotasun bat dugula, eta gauzak ondo badoaz aurten aldatuko dute legea ere".

Familia eta profesionalei laguntza

Transitos liburuaren aurkezpena era "intimoan" egin nahi izan zuten liburuaren egilea den Aingeru Mayorrek eta solasaldian lagun izan zuen Ekaitz Goikoetxeak. Mayorrek azaldutakoaren arabera, 25 familien esperientzietatik abiatuta eratu dute liburua eta egoera berean egon daitezkeen familien sostengu izan gura du. Era berean, profesionalei ere laguntza eskaini nahi die lanak: "Irakasleak izaten dira askotan etortzen direnak, beraien ikastetxeetan izaten dutelako kasuren bat edo egunerokoan dituzten zalantzak partekatzen dituzte gurekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak