Kartzela Zaharreko transexualitate zikloaren baitan, ekintza ugari asteburuan

Jone Olabarria 2021ko mar. 18a, 14:27

Mi pequeño gran samurai dokumentala izango da bihar eta Transitos liburuaren aurkezpena zapatuan. Guztira, 35 lagunendako lekua dago Kartzela Zaharreko jardunaldietan.

Kartzela zaharreko zineklubak –Dynamo zinekluba– eta Angiolillo liburutegiak elkarlanean antolatuta ekintza ugari egiten ari dira martxoan zehar, Transexualitate zikloaren baitan. Lehen bi proiekzioak eginda, asteburu honetarako hitzordu bikoitza antolatu dute.

2018ko otsailean bere buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi 16 urteko gaztearen istorioa ardatz duen Mi pequeño gran samurai, Arantza Ibarrak egindako dokumentala, egongo da bihar ikusgai, 18:30ean. Proiekzioaren ostean, gurasoekin solasaldia izango da: "Dokumentalaren helburua Ekai gogoratzea eta trans pertsonen borroka aldarrikatzea da". Horretarako, Elaxar Lersundiren eta Ana Martinezen testigantzak bildu ditu, baita Naizen elkarteko eta Ondarroako hainbat bizilagunen adierazpenak ere.

Zapatuan, Transitos liburuaren aurkezpena egingo dute, 19:00etan. Liburuak haurren eta gazteen transexualitate historiak plazaratzen ditu, gurasoen testigantzetatik abiatuta. Aingeru Mayor liburuaren egilearekin batera, Ekaitz Goikoetxea bertsolari eta poeta ere izango da kartzela zaharrean, bien artean egingo duten jolasaldi eta solasaldian.

Azken jardunaldia, martxoaren 26an

Zikloari amaiera emateko, hurrengo asteburuan, martxoaren 26an, The Death and Life ot Marsha P. Johnson filma izango da ikusgai, David France zuzendariak 2017. urtean egindakoa: "Marsha P. Johnsonen eta Sylvia Riveraren bizitzen kronika da, 1960ko hamarkadatik 1990era arte. New Yorkeko gay askapenaren eta transgeneroen eskubideen mugimenduan paper garrantzitsua izan zuten, eta Street Travestite Action Revolutionaries-en sortzaileak dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak