Gorlako Igoeran arduraz jokatzeko deia egin die Lokatzak herritarrei

Jone Olabarria 2021ko mar. 18a, 18:15

Urteroko hitzordua izanda, txirrindularitza-zaleen eta bailarako herritarren artean ikusmin handia eragin ohi du probak.

Txirrindularitzarentzat urte "aldrebesa" izan ostean, martxoaren 28rako antolatu du Lokatzak Gorlako Igoeraren 46. aldia. Lasterketaren irteera, helmuga eta sari banaketa moldatuta, segurtasun neurriak zorrotz bete eta ez pilatzeko dei egin dute.

Martxoaren 28rako, domeka, antolatu du Lokatzak 2021ko Gorlako txirrindularitza igoera. 46. aldia izango da aurtengoa, eta Lokatzarendako proba "garrantzitsuenetakoa" izaten denak moldaketa ugari izango ditu aurten, "segurtasuna bermatzeko asmoz". Probaren formatuari dagokionez, azken urteetako ohiko egitura izango du: 121,3 kilometroko proba, Gorlara bi igoera eginda.

Pilaketak saihestea helburu

Antolaketa lanetan buru-belarri murgilduta daude Lokatzan, eta, azaldu dutenez, "indar handia" ari dira jartzen jende pilaketak saihesteko lanean: "Denboraldi aldrebesa izan da eta lasterketa asko bertan behera geratu edo atzeratu egin dira. Guk tinko jarraituko dugu lasterketarekin, azken unera arte".

Hala ere, aitortu dute oraindik egun dezente geratzen direla martxoaren 28rako, eta COVID-19ari dagokionez osasun egoerak okerrera egiten badu proba kolokan egoteko aukera ere kontuan hartu behar dela azaldu du Lo-katzako lehendakariak, Ion Unamunok.

Neurri zehatzak, gertu

Lokatzatik zehaztu dutenez, jende gehien pilatzen diren une eta guneak kontrolatuta izatea aurreikusten dute. Hala, irteera, helmuga eta sari banaketa "publikorik gabe eta era oso azkarrean" egingo dituzte. Errepidean, baina, zaintza hori egitea "oso zaila" dela azaldu dute, eta herritarrei arduraz jokatzeko eskatu diete: "Ez pilatu denak gune berean, beti maskara jantzita izan, eta, posible bada, taldetxoak mantendu, jende askorik ez nahasteko".

Lokatza jakitun da ikusmin handia sortzen duen proba dela Gorlakoa, eta zale guztiei zein txirrindularien senideei neurriak zorrotz bete eta zentzuz jokatzeko dei egin diete.

Taldeen aurkezpena, zapatuan

Taldearen babesle den Bolintxo okindegiak San Juan auzoan duen egoitzan egingo dute taldeen aurkezpena –eta argazkiak– za-patuan, 11:00etan. Eskola mailako txirrindulariak, kadete mailakoak, gazteak eta afizio-natuak izango dira. Denboraldi honetan Aloña Mendi taldean dabiltzan ziklista bergararrak ere izango dira. Era berean, taldearen babeslea ere baden Lana Koop. enpresako ordezkariak izango dira bertan. Ahalik eta jende gutxien gerturatzeko eskatu du Lokatzak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak