Soraluce enpresak eta Bergarako Udalak hitzarmena moldatu dute

Jone Olabarria 2021ko mar. 12a, 16:22
Lidl supermerkatuari salduko dioten Amillagako Soraluce enpresaren pabilioia, atzo goizeko irudian

COVID-19ak Soraluce S. Coop enpresaren ohiko jardunean izan dituen ondorio ekonomikoek eta aurtengo aurreikuspenak eraginda sinatu dute udalak eta enpresak ezarritako ordainketa epeen atzeratzea onartzen duen hitzarmen moldatua

COVID-19ak eta horrek eragindako pandemiak ekonomian "eragin zuzena" izan du, baita makina-erremintaren alorrean ere. Hala zehaztu zuen Soraluce S. Coop. enpresak iazko azaroan udal erregistro-sarrerarekin idatzia aurkeztu zuenean: " 2020ko Kudeaketa Planean aurreikusten zen fakturazioan % 20ko jaitsiera izan da, eta eskaeretan %30eko jaitsiera. Pandemiaren bigarren olatuak ere 2021eko aurreikuspena iluna izatea ondoriozta dezake".

2019an adostutakoa

Bergarako udalbatzak hitzarmena onartu zuen 2019an Soralucerekin, enpresak Osintxun duen planta egonkortu –beste pabiloi bat eraikiko dute– eta Amillagako lantokian Lidl supermerkatu bat zabaltzeko. 2020ko azaroko ohiko osoko bilkuran jada eztabaida sortu zuen hi-tzarmen berriak. Bere momentuan EH Bilduk izandako jarrera salatu zuen orduan EAJk: "2019an hitzarmen hau udalbatzara etorri zenean, EH Bilduk bere abstentzioa aurkeztu zuen. Ez zen batere ausarta izan, ez zuen Soraluceren aldeko apusturik egin".

Egoera aldatzean gauzatzeko

Egoera ekonomikoak eraginda, eta kontuan izanik Lidl-i egingo dioten Amillaga poligonoko pabiloien salmentak "ezin izango duela estali Osintxun eraiki behar duten pabiloi berriaren inbertsioa", hirigintza-hitzarmeneko ezarritako ordainketa betebeharren epeak atzeratzea eskatu zuen Soralucek.

Hala zehaztu zuten Udaletik: "Bigarren estipulazioko epeak luzatzea eta Lidl Amillagako pabiloian ezarri ahal izateko abian dagoen Bergarako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko bigarren aldaketarekin jarraitzea eskatu zuten. Soraluce kooperatibak bere aktibitatea Bergaran finkatzea helburu duen hitzarmen honetan moldaketa batzuk egin behar izan dira pandemiagatik; egoera honi buelta ematen diogunean egingarria izango da hitzarmena".

Aho batez onartua

Udal arkitekto zerbitzuburuaren txostenari eta Lurraldeko batzordearen proposamenari jarraituz, udalbatza osatzen duten 17 udalkideetatik bertaratutako 16k aho batez onartu zuten otsailaren 22ko ohiko osoko bilkuran Soraluce S. Coop. enpresarekin garapen industrialerako adostutako hirigintza-hitzarmenean eskatutako aldaketa onartzea. Hala, asteon sinatu dute hitzarmena Gorka Artola alkateak eta Soraluceko Rafael Idigorasek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak