Gitarra eskuetan duela bakarkako kontzertu batzuk egin izan ditu Olatz Ugarte bergararrak; orain dela hiru urtetik, baina, gitarra beharrean mikrofonoa da taularen gainean erabiltzen duen tresna, bera da-eta Eibarko The Mood Rings taldeko abeslaria. "Xabier Badiola gitarra-jolea ezagutu nuen parranda batean, eta hark kontatu zidan jam session-ak edo inprobisazio musika saioak egiten zituen talde bateko kide zela, eta euren aspaldiko gogoa zela emakume abeslari bat taldera batzea. Egun batean, bada, Eibarrera, euren entsegu-lokalera, joan nintzen; han frogatxo bat egin, denak pozik, eta hala bilakatu nintzen The Mood Rings taldeko abeslari. Andoni Lopez da baxu-jolea eta Markel Corral bateria-jolea, eta ez dakigu noiz lortuko dugun, baina bosgarren lagun baten bila ari gara, teklatu-jolea hori", dio Olatz Ugartek.
"Rock-and-roll zaharra"
Gazteak dira, baina 70eko hamarkadako musika dute gustuko. "Jendea harritu egiten da eta sarritan galdetzen digute ea nolatan egiten dugun zaharren musika; esaterako, Led Zeppelin, Allman Brothers Band, Cream, Janis Joplin, Fleetwood Mac, Jefferson Airplane... Betidanik entzun izan dugunak utzitako aztarna da hori, eta oso eroso sentitzen naiz. Egia da beste estilo batzuen arteko nahasketetatik sortzen ditugula kantuak, ukitu modernoagoa emanez. Gaur, ordubete pasako emanaldian, gure hamar kantu eta hiru bertsio eskainiko ditugu".
'The arrival' diskoa
Iaz irailean grabatu zuten estreinako diskoa, Mutrikuko AME estudioan "Sei kantu ditu, ingelesez abestuta. Sare sozialetara igotako bi kantuek ez dute esperotako harrerarik izan. Egia da kontzertu bakarra egin du-gula; hortaz, oso gogotsu gaude Seminarixoko agertokira igotzeko. Sekulako ilusioa dugu, eta oso eskertuta gaude eman diguten aukeragatik; bergararra izanik, presioa ere sentitzen dut herrian abesteagatik, baina gogoan dut Seminarixoan kontzertu bat ikusi nuen lehen aldian 'nik hemen gura dut abestu' pentsatu nuela, eta hala egingo dut; areto paregabea da!".