'Lorontzia Berreraikiz' izeneko Monzonen omenezko jaialdia aurkeztu dute

Jone Olabarria 2021ko mar. 10a, 21:10

Gaur egindako agerraldiko irudia, Olaso dorreko lorategian.

Martxoaren 20an egingo dute pilotalekuan, 17:00etan. Euskal kultura oinarri hartuta, eta herriko kultugileei presentzia emateko asmotan egitarau "oparoa" antolatu dute; Brigade Loco taldea, Chill Mafia edota La Basu izango dira bertan, beste hainbaten artean. Sarerrak salgai daude Pol-Pol eta Arrano tabernetan.

Ahaztu Barik Memoria Taldeak antolatutako aurkezpenean omenaldi jaiaren nondik norakoak azaldu dituzte gaur; Bergarako alkatea eta alkate ohiak, kultur sortzaile eta memoria historikoa lantzen duten eragileetako ordezkariak izan dira bertan. El Jarron Roto idazlanetik tiraka Lorontzia berreraikiz omenaldi jaialdia antolatu dute: "Monzonek El Jarron Roto-n, bere mina adierazi zuen Espainiako Estatuak Euskal Lurraldeen zatiketa inposatu zuelako, euskal lurraldeak, lorontzia apurtuz. Guk martxoaren 20ko jaialdian Lorontzia Berreraikiko dugu: herri ikuspegitik eta ikuspegi kulturaletik".

Egitaraua prest 

Ipar zein Hego Euskal Herriko kultur sortzaileak izango direla zehaztu dute, "epizentroa Bergaran jarrita, herriko kultur sortzaileen protagonismoa handia izango delarik". Monzon hil zenetik 40 urte pasa diren honetan, euskal kultura, biziberrituz eta eraldatuz joan izana kultura bizirik dagoenaren seinale dela azaldu dute eta horregatik eskaintza anitza prestatu nahi izan dute: "Adierazpide askotarikoak batuko ditugu taula gainean. Monzonen letra eta abestietatik abiatuz, ikuspegi kulturaletik lorontzia berreraikiz hamaika adierazpide taularatuko ditugu, klasikoak eta modernoak, atzokoak, gaurkoak eta biharkoak".

Egitaraua:

  • Bergarako musikari, dantzari eta abeslariak.
  • Moises Azpiazu Dantza Taldea.
  • Bergarako marrazkilari eta grafiteroak.
  • Brigade Loco.
  • La Basu.
  • Chill Mafia.
  • Gotzon Barandiaran.
  • Olaso Dorrea Fundazioa.
  • Maddi Ane Txoperena eta Sustrai Colina bertsolariak

Sarrerak salgai daude jadanik Pol-Pol eta Arrano Tabernetan, 10 euroren truke. Sarreretatik lortutako diru guztia euskal kultura sustatzeko erabiliko dutela jakinarazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak