Labegaraietako kantxa berria estreinatzeko balio izan du Bergarak eta Eibarrek jokatu dutena. Hasierako minutuetan eibartarrak nagusitu dira, eta lau goleko errenta hartu dute. Bergara nahi eta ezin ibili da, eta entrenatzaileak aldaketa erabakigarria egin du: erasorako bigarren pibotea sartu du. Horrekin taldea berpiztu da, eta bizirik iritsi da atsedenera: 9-12. "Hori izan da atsedenaldian hartu dugun premisa: bizirik ailegatzea partiduaren azken minutuetara", esan du entrenatzaileak.
Bigarren zati hasiera ederra egin dute mahoneroek, eta bosgarren minutua bete orduko gol bakar batera hurbildu dira markagailuan: 13-14. Ostean, Eibartarrek hobeto asmatu dute erasoan, eta berriro zabaldu dute tartea markagailuan, 13-17. Baina, etxekoen ez dute amore eman, eta enegarrenez lortu dute lehia estutzea 17-19 jarriz. Bada, une horretan heldu dira akatsak. 18. gola egiteko erasoko baloia ez dute aprobetxatu, eta ostean, sei metrotik egindako pare bat jaurtiketa gelditu ditu Eibarko atezainak.
Horra arte heldu zaie gasolina. Azken minutuetan indar barik geratu dira. "Igeri egin dugu, eta itsasertzean geratu gara. Baina, taldeak eman duen itxurarekin geratzen naiz. Galdu egin dugu, baina, sentsazio onak dauzkat. Hobetzen joango gara, eta kantxa erakutsiko dugu. Zortzi partidu ditugu aurretik", esan du amaieran Josetxo Muniategik.