Lokatzak atzeratu egingo du taldeen aurkezpen ekitaldia

Xabier Urtzelai 2021ko ots. 19a, 10:21

Lokatza taldekoen aurkerpen ekitaldia, duela bi urteko (2019) artxibo erretratuan.

Osasun arrazoiak tarteko, Bergarako ziklismo eskolako lagunek gurago dute denboraldiari hasiera ematen dion hitzordua aurrerago egin.

Urtero-urtero kalerik egiten ez duen hitzordua izaten da, txirrindularitza denboraldia hastera doala erakusten duen seinalea. Lokatzak, Dorletako Amak eta Aloña Mendik otsaila aprobetxatzen dute klubean dituzten ziklistak erakusteko, arropa aurkezteko eta babesleei urtero egiten duten esfortzua eskertzeko. Aurten, baina, otsaila ez da aukeratutako hilabetea izango: "Lokatzako kategoria txikietan selekzio moduko bat daukagu, Debagoieneko herri askotako ordezkariak ditugu, eta erabaki dugu ez dela urtero egiten dugun talde erretratua egiteko momentu egokia, ez da jendea batzen hasteko momentu onena", adierazi du Lokatza Ziklismo Eskolako harrobiarekin lanean dabilen Iñigo Larrañagak.

40 txirrindulari izango dituzte

Bergarako txirrindulariekin batera klubeko harrobian batu dituzte Aramaioko txirrindulariak, Antzuolakoak, Arrasatekoak, Elgetakoak eta Eskoriatzakoak: "Pentsa euretako bakoitzari Bergarara aurkezpen ekitaldia egiteko baimenak tramitatzen hasteak zer dakarren. Ez du merezi, eta, gainera, gure babeslearekin ere berba egin gura dugu, aurtengo ekitaldia noiz eta zelan egin erabakitzeko; aurrerago egongo da horretarako aukera".

Txirrindulariak martxoan hasiko dira lasterketetan esku hartzen, nahiz eta oraindik ere lasterketetako antolatzaileak ziurgabetasun egoera handian dauden. Lokatzak, berriz, nabarmentzeko moduko nobedadea du aurten: "Elite mailan emakumezko txirrindulariak izango ditugu. Arrasateko Eneritz Urrutia eta Bergarako Olatz Gabilondo taldera batu dira eta gure babesa izango dute Euskaldun Sarian, Espainiako Kopan eta halako lasterketetan. Askatasun osoa eman diegu, eta ea etorkizunean neska gehiago animatzen diren".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak