Sozialisten proposamena urtarrilaren 25ean ohiko osoko bilkuran onartutako aurrekontu-proiektuan sartu zen. Zehaztu dutenez, laguntza horiek 2021-2022 ikasturteari begira "errealitate" izan daitezen oinarriak prestatzen hasteko unea dela uste dute: "Osoko Bilkuran Udalbatzaren gehiengoaren babesa lortuz gero, eskaera guztiei aurre egiteko partida nahikoa eskatuko diogu Udal gobernuari".
"Herritar askorentzat familiaren diru-sarrerak murriztu egin dira, lanik gabe geratu direlako edo ERTEan daudelako. Gainera, konfinamenduak eten digitala azaleratu du; haur bergarar askok ezin izan dute beren hezkuntzarekin behar bezala jarraitu, ordenagailurik edo Interneterako sarbiderik ez dutelako", azaldu du Alberto Alonso Bergarako PSE-EEren bozeramaileak.
Sozialisten proposamenaren arabera, laguntzak jaso ahal izateko oinarrietan ezarritako urteko errenta baldintzak bete beharko ditu familia-unitateak, eta, gainera, herriko dendetan erosi beharko dute eskola-material hori: "eskola-materiala erosteko laguntza hauek helburu bikoitza dute. Baliabide gutxien dituzten familiak laguntzea, eta, bigarrenik, pandemiaren kalteak jasaten ari diren tokiko merkataritza laguntzea".