Aspacek Bergarako ikastetxean egiten duen lana ezagutzera eman nahi dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko ots. 17a, 13:07
Aspacek Bergarako Ibaiondo kalean duen ikastetxea.

Garun-paralisia duten pertsonei eta familiei bizi guztirako aholkularitza, zerbitzua eta laguntza eskaintzen dien Aspace erakundeak Bergarako Ibaiondo kalean duen ikastetxean izan ziren atzo Udaleko ordezkariak. Bi aldeek hitzarmena egin dute "aspaldiko harremana formalizatzeko", eta atzoko bisitan Ibaiondoko eskolan berriki egin diren konponketa lan txiki batzuk ere bisitatu zituzten, besteak beste.

Bergaran errotuta dagoen elkartea da Aspace, Udal Gobernuaren arabera, "ibilbide historiko handia" duena. Aspaldiko harremana hitzarmen bidez formalizatu dute aurten eta hainbat konponketa lan egin ditu Udalak eraikinean. Gipuzkoan dauden bost ikastetxeetako bat da Bergarako Ibaiondo kaleakoa. 

Bergaran Aspacek bi gune erabiltzen ditu: Oxirondoko eguneko zentroa eta Ibaiondoko eskola. Oxirondokoa Aspaceren jabetzakoa da eta Ibaiondokoa 1979. urtetik erabiltzen du Aspacek Udalak  lagata. 2009an obra egin zen gaur egun duen erabilerara bideratzeko. 2021ean lagapen hori hitzarmen bidez formalizatzea erabaki dute eta horrez gain Ibaiondoko eraikinak zituen gabezia batzuk ere konpondu dira; konponketa horien aurrekontua 8.525 eurokoa izan da.

Aspace Bergarako dinamiketan txertatzeko nahia

Garun paralisia duten haur eta gaztetxoak hartzen dituen eskola da Ibaiondon kokatuta dagoen Aspaceren hau. Eskola arruntean aritzeko zailtasunak dituzten ikasleak hartzen ditu. Hainbat esparru lantzen dira bertan, hala nola komunikazioa, motrizitatea, autonomia... ikasle  bakoitzaren hezkuntza-beharretara egokituta, eta garapen pertsonal egokia ahalbidetzen zaie. 

Aspaceko ikastetxeetako arduradun Kepa Goikoetxearen arabera gainontzeko ikastetxeei ematen zaien tratamendu berbera ematea da helburua, herriaren dinamikan txertatuz.

Gorka Artola alkateak balioan jarri du Aspacek egiten duen lana: "Urte asko dira lan hau egiten ari dela, beharrezkoa lana gizarte osoarentzat. Bergara herri inklusiboa izan dadin nahi du Udalak eta garrantzitsua da pertsona guztiek –dituzten ezaugarri, jatorri, ideia...– duintasunez bizitzeko aukerak izatea".

Herritarrei ezagutzera eman nahi zaie ikastetxe honek egiten duen lana. Aspacek bost ikastetxe ditu Gipuzkoan, horietako bat da Ibaiondo kalekoa. Une honetan sei ikasle dauzka, baina gehiago ere izan ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak