"Naparra kasuaz hitz egitean, baina, gutxien-gutxienez bi kasu hartu behar ditugu aintzat: bata, indarrez desagerrarazi zuten borrokalari gazte, argi eta kementsuaren historia lazgarria; eta bestea, semearen (eta anaiaren) arrastoaren bila berrogei urtez batera eta bestera joz eta askotan bakardadean, modu nekaezinean jardun duen familiaren historia, aurrekoa bezain lazgarria edo agian lazgarriagoa. Biak landu eta jorratu ditu egileak Tene Mujika sariaren laguntzaz idatzitako lan honetan, gure memoria argituz eta astinduz; izan ere, noizbait denontzat bizigarria izango den herri bat eraikiko badugu, bidean gertatu diren izugarrikeria guztiak hartu beharko baitira gogoan" adierazi dute antolatzaileek prentsa ohar bidez. .