Gazte ugari Ekida egitasmoa ezagutzera emateko gaur egindako aurkezpen ekitaldian

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ots. 12a, 20:26

Ekida proiektuaren aurkezpena, gaur, Bergarako Zubieta kaleko eskola zaharrean.

Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak antolatuta kulturari eta arteari ikuspuntu sozialista emateko jaio den ekimenaren nondik norakoak azaldu dituzte. Webgune formatuan jaio da Ekida, baina hedabide izaeratik haragoko asmoak ditu.

Deba Bailarako Kontseilu Sozialistako kideek abendu amaieran okupatu zuten Zubieta kaleko eskola zaharra, Bergaran. Urtarrilean hainbat hitzaldirekin osatutako egitaraua burutu dute eta gaur Ekida egitasmoaren aurkezpen ekitaldia izan dute.

Gazte ugari elkartu dira ekitaldian eta egitasmo berriaren nondik norakoak ezagutu dituzte. Ekida sozialisten kultura ekimen moduan aurkezten dute. "Eraikin bat da, espazio bat, kulturaren eta artearen esparruak ikuspuntu sozialista batetik lantzeko. Argitalpenerako, eztabaidarako, kritikarako, azterketarako, sustapenerako aukera emango duen ekimen bat izan nahi luke", azaltzen dute ekida.eus atarian. "Kultura eta artea ez dira arlo autonomoak, gizarteari estu lotuta daude ezinbestean, eta egun beste esparru sozial guztiak bezala klase-borrokak zeharkatzen ditu".

Ekidatik kritiko dira egungo gizartean nagusi den arte-ekoizpenarekin eta kultura ulertzeko moduarekin. Ziurtatzen duzue edertasunari bestelako esanahi bat eman dakiokeela zapalduen eskuetara ekarriz gero.

Ekidako bultzatzaileek aurkezpen gehiago ere egingo dituzte herriz herri. Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak, bere aldetik, Zubietako eskola zaharrean ekintzak antolatzen jarraituko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak