EHUko pintura ikasleen lanak, gaurtik ikusgai Aroztegin

Jone Olabarria 2021ko ots. 12a, 15:31

Erakusketan izango diren lanetako batzuen egileak Aroztegi aretoan, erakusketaren muntaia lanetan.

'Sopas & Sorber' izeneko erakusketa gaurtik otsailaren 28ra arte egongo da ikusgai Aroztegi aretoan. Pintura Masterreko ikasleak dira lanen egileak, eta aitortu dute obrak elkarren artean "ezberdinak diren" arren, "elkarri lotuta" daudela

Hamasei artistaren lanak ba-tuko ditu Aroztegi aretoak gaurtik aurrera gozagai egongo den Sopas & Sober erakusketan. Euskal Herriko Unibertsitatean Pintura Masterra ikasten dabiltzan artistak dira egileak, eta aitortu dutenez, lanak "oso anitzak" dira, bai estilo, baita teknikan ere: "toki ezberdinetatik gatoz, eta ezberdinak dira baita gutako bakoitzak aurrez egindako ikasketak ere, baina topaketa-puntu berean batu gara". Ikasturte honetan jarriko duten bigarren erakusketa da Aroztegikoa ikasleentzat.

Erakusketaren izena bera– Sopas & Sober – "nahaste" horretatik sortu dela aitortu du erakusketako komisarioa den Maddalen Pinuagak: "Gure berezitasunekin, denok nahi dugu erakusketa horretan egon. Gerora konturatu ginen zelako anitza den erakusketa eta hala ere artista bakoitzak bere papera duela horren baitan".

Erakusketan ikusgai dauden lanetako hainbat.

Sentimenduetatik sortua

Komisarioak azaldu duenez, masterretik kudeatu dute erakusketa, eta ikasturtea hasi zenetik sei hilabete pasata, azaldu dute bertan landutako hain-bat alor egongo direla ikusgai: "batasuna, dekostrukzioa eta konstrukzioa, solapamendua, hurrenkera, aurkikuntza, kontrola, probokazioa, oroitzapenak".

Nahiz eta erakutsitako obren artean "aniztasuna" egon eta obra horien ezaugarriak ezberdinak izan, diote "argi" dagoela espazio bera baino "askoz gehiago" partekatzen dutela: "horretaz gain, elkarrekin lotzen dira guztiok ditugun arte-nozio ez-berdinak eta sortze-prozesuetarako egiten ditugun bilaketak. Jakin-min edo kezka horien eraginez, gure obrak elkarri lotuta daude".

Guztira, 16 artista

Komisarioak azaldu duenez, behin erakusketa muntatuta hainbat lan kanpoan geratu behar izan dira. Honako artistek erakutsiko dute beraien lana: Itxaso Urrutikoetxea, Sara Piñeiro, Alex Casey, Almudena Maeso, Katrina Biurrun, Sara Ayesa, Edurne Naberan, Jon Amorrortu, Intza Arakistain, Maialen Gallastegi, Maddalen Pinuaga, Fernando Couto, Amaia Ibarbia, Felipe Leal, Guillermo Lopez eta Marcos Rico.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak