Herritarrak "gustura" Labegaraietako kiroldegiaren itxura berriarekin

Jone Olabarria 2021ko ots. 6a, 13:14

Eraberritze lanen ostean, gaur egin dute Labegaraietako kiroldegiaren inaugurazioa, neurri bereziekin. Herritar, kirol elkarte eta ordezkari politikoek 2.600.000 euro inguruko kostua izan duen eraikinaren berritze lanen nondik norakoak ezagutzeko aukera izan dute bisita gidatuetan.

Hobekuntzak erakusteko bisita gidatuak 10:00etan hasi dira; arkitektoak, eraikuntza enpresako arduradunek eta Udaleko ordezkari teknikoek agintariei eta alderdi politikoetako ordezkariei azalpenak eman dizkiete. Arkitektoak azaldu duenez egurrak "garrantzi berezia" hartu du lanetan: "Kasu honetan egurra izan da lan hauen baitan azpimarratu beharreko elementua. Hasierako planteamenduan ez zuen halako protagonismorik, baina lanek aurrera egiten zuten heinean ikusi genuen beharrezko material bat zela egurra. Material hori da lanei batura bat eman diena, eta uste dugu kiroldegi berriaren identitatea finkatuko duela".

Gorka Artola alkateak, inaugurazio "nahiko berezia" izan dela zehaztu du, baina halako obra bat egin ostean herritarrei eta kirol elkarteei emaitza aurkezteko beharra zegoela: "Herritarren eskaerei erantzuteko modu bat ere izan da obra hau. Lehen eraikin bat bota behar izan zen, ondoren espazio hori irabazi eta  erabili aldagela eta komunak egiteko, eta bigarren fasean kirol instalazioa barrutik berritu da". Hobekuntza "nabarmena" dela adierazi du alkateak, eta Udaletik espero dute lanak herritarrei "zerbitzu hobeak" emateko erabilgarri izatea.

Kirol elkarteak, "kantxa erabiltzeko gogoz"

Kirol kluben txanda 11:00etan iritsi da. Orokorrean, "pozik" agertu dira egindako eraberritze lanekin eta zehaztu dute "behar handia zegoela". Hanka Labanka taldeko Eguzkiñe Uribesalgok adierazi du kantxaren behar handia zutela: "Desiratzen geunden lanak bukatu eta entrenatzera itzultzeko, gure arazo nagusia kantxa zen eta primeran dagoela iruditzen zaigu". Orain arte entrenatu gabe edo kanpoan aritu direla azaldu du. Kantxa ingurua egurrez estali izana asko eskertu dutela azaldu du, Hockey-an jokatzerakoan bestela "oso zaratatsua" baitzen.

Kiroldegian entrenatzen duten Ariznoa elkarteko entrenatzaile Ainize Lizarraldek "arazo nagusia hotza" zela adierazi du: "Gabezia nagusiak hotza eta harmailen gunea ziren, baita aldagelak ere. Orokorrean esango nuke hori izan dela hobetu dena; berogailuak jarri dituzte eta aldagelak askoz hobeto daude. Asko eskertuko dugu, zalantza barik".

Herritarrak eta auzotarrak, ikusminez

Eguerditik aurrera iritsi da herritar eta auzotarrek eraikin eraberritua ezagutzeko unea. Familia ugari gerturatu dira eta azaldu dutenez, "beste kiroldegi bat" dirudi Labegaraietakoak: "Askoz handiagoa da, beste leku bat ematen du eta gainera, oso polita iruditu zaigu. Auzoarentzat oso garrantzitsua da eta bagenuen gogoa berriz ere ireki eta taberna ere erabili ahal izateko. Auzotarrentzat ere gela bat egin dute eta oso aproposa dela uste dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak