Galder Barbado eta Aitor Zelaia "aske uztea" exijitu dute Bergaran, Ernaik deitutako manifestazioan

Jone Olabarria 2021ko ots. 5a, 21:02

Herritar ugari batu dira Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrei "elkartasuna" adierazi eta horien "absoluzioa" eskatuz gaur iluntzean Bergaran egin duten manifestazioan.

"Lehergailuak egiteko materiala edukitzea" leporatuta launa urteko espetxe zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrei. Ernai gazte antolakundetik "gogor" gaitzetsi dute Auzitegi Nazionalaren epaia, eta gazteak "askatzea" aldarrikatu dute: "Argi diogu ez dugula onartzen epaiketa bera".

San Martin plazatik abiatu den manifestazioak herritar ugari batu ditu gaur iluntzean, Espainiar estatuak "berriro ere bere makinaria errepresibo guztia martxan jarri duela" salatuz, "bere izaera inposatzaile eta autoritarioa erakutsiz": "Argi daukagu Espainian ez dagoela demokraziarik, eta are gutxiago justizia oinarrian daukan estatua. Hori dela eta, gazteok ez dugu onartzen injustizian oinarritutako epaiketa hau, gazteria zigortzea eta beldurtzea baitu helburu".

"Beste Euskal Herri bat eraikitzeko"

Absoluzioa ez den epairik onartuko ez dutela azaldu dute: "Argi esan nahi dugu ez dela espetxeak betetzen jarraitzeko garaia, espetxeak hustekoak baizik". Belaunaldiz belaunaldi gazteek, "beste Euskal Herri bat eraikitzeko egindako ekarpena" goraipatu eta gogora ekarri nahi izan dute: "gazte belaunaldi honek ere, injustizia guztien gainetik, Euskal Herri feminista, sozialista eta euskalduna lortzeko borrokatzeko hautua hartuta dauka".

Egoeraren aurrean, independentzia "aukera bakarra" dela aldarrikatu dute: "errepresio kasu honek, borrokan jarraitzeko arrazoi bat gehiago bestetik ez digu ematen".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak