Datorren astean ostalariekin egingo duen bileran aztertuko du terrazen gaia Bergarako Udalak

Jone Olabarria 2021ko ots. 5a, 15:10

Terrazen kokapenak, horiek egiteko moldatu beharreko araudia eta diru-laguntzak landuko dituztela jakinarazi dute Udaletik.  Osasun egoerak eraginda establezimenduak itxi behar izan dituzten ostalariei "laguntza zuzenak" emango dizkietela ere zehaztu dute.

Bergarako Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, COVID-19ak eragindako osasun egoeraren ondorioz sortutako "hainbat beharrei" helduko diete bileran. Abendu amaierara arte ostalariek izendatutako ordezkariekin bost bilera berezi egin dituztela adierazi dute Udaletik eta urtarrilean "barne mailako lanketan" aritu ostean atzo izan zuten datorren asteko bileraren berri Bergarako ostalariek.

Terrazen kokapenak aldatu eta estalpeak jarri ahal izateko udal ordenantzak aldatu egin behar direla azaldu du Bergarako Udalak, eta hain zuzen ere, moldaketa horien proposamena egin ostean ostalariei aurkeztuko diete. Jasotako "aldaketa nabarmenak" azaldu dituzte: "Alboak lona edo manparekin itxita izango dituzten karpak edo toldoak jartzeko aukera; goizeko irekiera ordutegia aurreratzea; berogailuak jartzeko aukera eta ohiko espaziotik aparte, terraza handitzeko aparkalekuen erabilera baimentzea". Establezimendu bakoitzak duen terrazaren azterketa egin dute Udalean eta hauen kokapenerako landu diren planoen proposamena egingo zaio ostalari bakoitzari, "ondoren berarekin adostu ahal izateko nolakoa behar duen".

70.000 euro laguntzetan

Udaletik jakinarazi dutenez, eta 2021erako aurrekontuan jaso bezala, "laguntza zuzena" emango zaie osasun egoerak eraginda establezimenduak itxi behar izan dituzten ostalariei. Guztira 70.000 euro izango dira: Bi langile edo gutxiagokoei 500 euro, hirugarren langiletik aurrera 150 euro gehiago. Alokairua edo kreditua ordaindu behar badute, beste 200 euro.

Gehienez jasoko den laguntza 1.200 euro izango da. Ostatu eta janari- edari banatzaile arlokoei lagunduko zaie azaroko fakturazioa %75 edo gehiago jaitsi bazaie. Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez, inbertsiotarako beste laguntza lerro bat ere egongo dela zehaztu dute, 47.561 eurokoa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak