Bergarako merkatariak, "digitalizazioaren bidean" jarraitzeko gertu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urt. 18a, 15:51

Udaleko eta Bedelkarreko ordezkarien bilera udaletxean, urtarrilaren 14an.

Bergarako Udalak eta Bedelkar elkarteak lankidetzan jarraituko dute 2021ean ere, Bergara Bizi ekimenaren barruan. Gabonetako kanpainaren balorazio ona egin ostean, 2021erako lan ildo batzuk zehaztu dituzte; esaterako, erakusleihoak modu berezian apainduko dituzte, besteak beste, Aratusteetan, martxoaren 8an, erramu zapatuan edota sanmartinetan. Horrez gain, "digitalizazioaren bidean" jarraitzeko premia nabarmendu dute, formakuntzaren garrantzia azpimarratuz. 

Udal Gobernuak aditzera eman duenez, herriko merkatariak pozik daude aurtengo Gabonetako kanpainarekin. Azaroaren 18tik abenduaren 31ra arteko erosketa-bonuen kanpainan guztira 600.000 euro baino gehiago bideratu zaie aipatutako sektoreei 6.924 bonuen bitartez: "Sektoreak ondo baloratu du oraingoan bonuak offline, establezimenduetan bertan eskuratzeko aukera eman izana, salmenta erraztu baitu. Modu horretan, gainera,  edozein perfileko herritarrak izan du hauek erosteko aukera". 5.384 bonu saldu dituzte establezimenduetan bertan eta 1.540 online.

Bonuak eta itxiera perimetrala

COVID-19ak eragindako gertaera batzuk mesede egin dietela ere azpimarratu zuten merkatariek urtarrilaren 14an egindako bileran: "Garai honetan batu diren hainbat gertaerek salmentetan positiboki eragin dutela: Eusko Jaurlaritzaren bonuen eragina, itxiera perimetrala, Udal bonuak… Herritarren aldetik jaso duten inpresioa ere ona izan da".

Bestetik, urtero egiten den erakusleiho lehiaketa egoki baloratu dute, baita aurten herritarren zozketa online egin izana ere. Hori bai, Gabonetan herrigunean jarritako megafoniaren inguruan hainbat kexa jaso dira aurten eta, ondorioz, datorren urteari begira aztertu egingo da gaia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak