Urte luzez ibili izan da trikiti txapelketetan eta jaialdietan parte hartzen Julen Alonso gaztea, Eneritz Aulestiarekin batera. 5 urte zituela etorri zitzaion "hauspoaren grina" Alonsori, eta ordutik aritu da musika egiten, hasieran akordeoiarekin eta 14 urte zituenetik trikitiarekin. Guztira, hamazortzi txapel irabazi eta trikiti-plaza asko egin ditu Alonsok; hala, 2018an, beste pauso bat eman eta bere lan propioa kaleratzea erabaki zuen.
Dantza eta musika uztartuz
Infernuko hauspoari keinua egin nahi izan zion Alonsok bere bakarkako lehen lanean, eta, hala, Sutan dantzan diskoa iritsi zen: " 2019an, nire lehen diskoa kaleratu nuen. Orain, diskoaren bira egiten nabil, musika eta dantza uztartzen dituen ikuskizunarekin". Guztira, hamasei kantaz osatua dago emanaldia, diskoko kantak eta berriak batuz: "Sutan dantzan diskoko doinuak eta hurrengo lan batean etorriko direnak daude emanaldian, denborarekin gehituz joan direnak".
Alonsorekin batera Eneritz Aulestia, Iker Telleria, Gorka Urra eta Joanes Ederra musikariak arituko dira taula gainean. Dantzan, Oinkari taldeko kideak arituko dira, duela 46 urte Villabonan sorturikoa.
Sarrerak agortuta daude
Bira hasi zutenetik zortzigarren eta, momentuz, azken emanaldia da biharkoa. Ikusmina sortu du bergararren artean ikuskizunak, sarrera guztiak agortu egin dira eta. Alonsok aitortu du emanaldiak "esperotakoa baino harrera hobea" izan duela, egoera berezian izanda ere.