Aroztegi aretoko aurtengo erakusketen egutegia aurkeztu dute

Jone Olabarria 2021ko urt. 12a, 18:33
Beart elkarteko 38 artistak Gabonen bueltan egindako erakusketako irudia.

"Kalitate handiko" askotariko erakusketak hartuko ditu Aroztegi aretoak 2021. urtean. Gaur aurkeztu dute urte berrirako egutegia eta azaldu dutenez, programazioa osatzerakoan "arte plastiko ezberdinen arteko oreka" mantendu nahi izan dute

2021erako Aroztegi aretoan egingo diren erakusketen egutegia osatu ostean, asteon eman du jakitera bertan ikusgai egongo diren artista eta erakusketen zerrenda Bergarako Udalak. Aurreko urtearen amaieran hautatu zuen Udalak Aroztegiko aukeraketaz arduratzen den batzordea, eta aitortu dutenez, "lan zaila" izan dute oraingoan, "asko izan baitira haien kalitate handiko lanak aurkeztu dituztenak".

"Oreka" mantendu guran

Azaldu dutenez, artista bakoitzaren ibilbide artistikoa, curriculuma eta euskarri ezberdinetan – CD,argazkietan...– aurkez-tutako obraren kalitatea hartu dira kontuan egutegia osatzerako orduan. Horretaz gain, programazioa eratzerakoan ere "arte plastiko ezberdinen arteko oreka" bilatu nahi izan du Aroztegi aretoko batzorde mistoak. Artisten sexuari erreparatuta, aukera berdintasuna mantendu gura izan dutela zehaztu dute.

Bergararrak protagonista

Aroztegik hartuko dituen erakusketen artean nagusi dira bergarar artistak edota herriko arte talde anitzen erakusketak. Horren adibide dira, esaterako, Beart elkartea, Taila elkartea, Buztinzale elkartea, emakume zeramisten taldea edota martxoaren 8aren bueltarako aurreikusitako Bergarako emakume artisten erakusketa.Dagoeneko ohikoak diren hainbat lehiaketako lanak ere hartuko ditu Aroztegik, Bergara Hiria argazki lehiaketa edo Kirol argazkien lehiaketa, esaterako.

Era berean, azaldu dute Aroztegiko batzorde mistoak "egoki" ikusi duela artista bakarren baten obra gonbidapen bidez Aroztegi aretora ekartzea ere. Hala, gonbidapen bidez, Lorentzo Askasibarren erakusketa eta Jesus Maria Lazkanoren lanak egongo dira Aroztegin.

Egutegia, osorik

Hona hemen, aurten, urte osoan barrena, Aroztegi aretoan egingo diren erakusketen zerrenda eta datak:

  • Taila elkartea. Urtarrilaren 8tik, 17ra arte.
  • Bergarako Pilota Elkartea. Urtarrilaren 22tik, otsailaren 7ra arte.
  • EHU pintura masterreko ikasleak. Otsailaren 12tik, 28ra arte.
  • Martxoak 8: Bergarako emakume artisten erakusketa. Martxoaren 5etik, 21era arte.
  • Emakume zeramistak. Martxoaren 26tik, apirilaren 11ra arte.
  • Jesus Mari Lazkano. Apirilaren 16tik, maiatzaren 23ra arte.
  • Lorenzo Askasibar. Maiatzaren 28tik, ekainaren 20ra arte.
  • Bergara Hiria Argazki Lehiaketa. Ekainaren 25etik, uztailaren 11ra arte.
  • Cristina Chiquín. Uztailaren 16tik, abuztuaren 8ra arte.
  • Celia Eslava. Abuztuaren 13tik, irailaren 5era arte.
  • Bergarako Erraldoi Taldea. Irailaren 10etik, 26ra arte.
  • Bergarako Intsumiso Taldea. Urriaren 1etik, 24ra arte.
  • Laboratorium ZTB. Urriaren 29tik, azaroaren 14ra arte.
  • Kirol Argazki Lehiaketa. Azaroaren 19tik, 28ra arte.
  • Euskal Memoria Fundazioa. Abenduaren 3tik, 12ra arte.
  • Beart Elkartea. Abenduaren 17tik, 26ra arte.
  • Taila Elkartea. Abenduaren 30etik, 2022ko urtarrilaren 9ra arte.
  • Buztinzale Elkartea eta Taila Elkartea. 2022ko urtarrilaren 14tik, 23ra arte. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak