"Atea guztiz itxi gabe" utzi zuen Emon taldeak duela lau urte baino gehiago, euren ibilbidean geldialdia egingo zutela iragarri zutenean. Taldeko kide Aritz Alustizak azaldu duenez, taula gainera bueltatzeko unea "kasualitate batek" eragin duela zehaztu du: "Urte askoan zehar gure teknikaria izan dena iaz ezkontzekoa zen eta aitortu zigun ilusioa egiten ziola bere ezkontzarako batu eta Emonek kantu pare bat jotzea".
Hautsa kenduta, "martxan"
Hala, 2020ko urtarrilean hasi ziren berriz ere batzen, eta, lehenengo entsegua deitu bezain laster, etxean sartu behar izan zutela aitortu dute. Bai ezkontza baita itzulera atzeratuak izan ziren arren, berriz ere martxan jartzeko gogoa dagoeneko piztua zela azaldu dute: "Gure asmoei eutsi, eta udan sartu bezain laster gure anplifikadore, mikrofono eta katxarro guztiei hautsa kendu eta martxan jarri genituen berriz ere".
"Indarberrituta"
Lau urte pasa dira geldiunea erabaki zutenetik, eta, aitortu dutenez, "ilusio handiz eta indarberrituta" dator taldea. Hala, hainbat berrikuntza prest dituzte; buelta ospatzeko kontzertu berezi bat egiteko asmoa dutela zehaztu du Alustizak: "Seguruenik, otsailean". Hala ere, oraindik guztiz zehazteke dagoela azaldu dute. Laster jakinaraziko dute sarrerei buruzko informazio gehiago. Bestetik, kantu berri bat grabatu eta prest dutela ere azaldu dute, plataforma digital guztietan entzungai izango dena.
Erronka berrirako "prest"
Taldea osatzen dutenei dagokienez badira aldaketak ere; Biken Larrañaga Emonera batuko da, gitarra-jole modura. Lemak taldeko kidea ere bada Biken Larrañaga bergarar gaztea, eta, hain zuzen ere, Alustizak azaldu du bertatik iritsi zela taldera batzeko aukera: "Lemak taldeak udan eskainitako kontzertu batean ikusi genuen Biken, eta, hala, gurera batzeko proposamena helarazi genion".
2010ean, Piztu herria, ska eta rockaren arteko diskoarekin egin zuen debuta Emon talde bergararrak. Ostean, doinu latinoagoetara jo, eta Konfeti kolore bigarren diskoa kaleratu zuten, 2013an. 2014an, Sua lana kaleratu zuten, baita Gipuzkoako Ikastolen Jaialdirako Demasa kantua (2016). Argentinan kontzertua eskaini zuten 2016an, Necochea herrian. Hain zuzen, Euskal Asteko ospakizunen baitan eskaini zituzten bergararrek bi kontzertu.