Irailean Donostian egindako estreinaldia beste formatu bateko ikuskizuna izan zen; orkestra txiki batekin eta abesbatza handi batekin. Atzoko emanaldia oso bestelakoa izan zen, baina oholtza gaineko musikariek erakutsi zuten talde txikian ere ikuskizun aski dotoreak egin daitezkeela.
Duela 200 urte Urretxun jaiotako Jose Maria Iparragirre musikagileari eskainitako omenaldi ikuskizuna da Urretxutik mundura, eta Urretxuko Udalak Gorka Hermosa musikari urretxuarrari enkargatutako obra handia da ikuskizunaren muina.
Ikusleek berehala ezagutu zituzten Iparragirreren melodia ezagunak, umetan etxean entzundako abestiak gehienak. Horrekin batera bardo urretxuarraren bizi ibilbidea ere ezagutzeko aukera izan zuten bai argazki proiekzio baten bidez bai Jon Maia bertsolari urretxuarraren bertso sortei esker.
Urretxutik mundura emanaldi exijentea da, eta bost musikari izan ziren oholtza gainean, atzo. Akordeoiarekin Gorka Hermosa bera. Berak egin zuen Iparragirreren melodia ezagunenen orkestrazioa eta kalitate handiko akordeoi-jolea dela erakutsi zuen, beste behin, atzo.
Lau Haizeetara ahots laukotea ez zen atzean gelditu. Isabel Lacarrek, Xabier Barriolak, Pablo Azpeitiak eta Marije Ugalde soprano bergararrak osatzen dute laukotea.
Ikuskizunaren zati txiki bat jaso dugu ondorengo bideoan.