Mikel Mendiaratz eta Unai Arantzabal izan dira lehen galbahea pasa duten beste bi bertsolariak. Patxi Aiastuik, Iraitz Artolak, Markel Laskurainek eta Jon Altuna Oxan-ek osatu dute hasierako zortzikotea.
Askotariko ariketa eta bertsoaldien ostean, publikoaren iritzia aintzat hartuz –40 lagun inguru; aretoa beteta, egoerari egokitutako baldintza bereziekin–, Gari Lopez de Munain eta Enaitz Alustiza iritsi dira buruz burukora. Elkarrekin koplatan egin dute aurrena, eta gero bakarka, kartzelako lanean.
Amaieran gustura zen Lopez de Munain amantalduna: "Polita izan da. Saioa txukun joan da. Bagenuen beldurra, ze aurten gutxitan elkartu gara. Gainera lehen aldia zen formatu honetan, eta nahikoa txukun joan da. Eta neu ere espero baino solteago ibili naiz, hasieratik. Gaiak ere gustukoak izan ditut. Ondo egon da".