Bergaran jarduten zuten zortzi pertsona atxilotu dituzte, emakumeen sexu esplotazioa leporatuta

Uxue Igarza Loiola 2020ko abe. 16a, 14:26

Atzerritarren eta Mugen Brigada Probintzialeko agenteek abenduaren 10ean eta 11n atxilotu zituzten zortzirak sexu esplotazioa, proxenetismoa, substantzia estupefazienteen trafikoa eta kapital-zuriketa leporatuta.

Bergarako, Tolosako eta Beasaingo etxebizitzetan emakumeak sexualki esplotatzen zituen sare bateko kideak atxilotu ditu Polizia Nazionalak. Prozesua otsailean hasi zen, sarearen biktimetako batek Gizakien Salerosketaren Biktimei Laguntzeko Zerbitzu Nagusiei mezu elektroniko bat bidali zienean.

Erakunde kriminaleko kideak atxilotuak izan ziren 2017an ere, eta oraingoan, sexu esplotazioa, proxenetismoa, substantzia estupefazienteen trafikoa eta kapital-zuriketa leporatzen zaizkie. Polizia Nazionalak jakinarazi duenez, prostituzioan abusuzko baldintzetan jardutera behartzen zituzten emakumeak, eta proxenetek kokaina eta speeda ere eskaintzen zieten bezeroei.

Atxiloketaren unean, erakundeko arduradunen etxeetan, 10 gramo kokaina eta beste 10 gramo haxix eta marihuana atzeman zituzten agenteek, eta baita dirua eta substantziak pisatzeko eta dosifikatzeko tresnak ere. Bestetik, azaldu dute ustezko delituen irabaziak ezkutatzeko, enpresa-sare faltsu bat sortu zutela, eta Salgune Puntu Terminal (STB) bakarraren bidez bakarrik, bi urte baino gutxiagoan, 193.626 euro batu zituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak