Murritzago bada ere, izango da Napar Feria

Karmele Uribesalgo 2020ko abe. 11a, 11:26

Zazpi postu izango dira San Antonio auzoko 22. Napar Ferian. Dena den, COVID-19a dela eta, besteak beste, ohiko sukaldaritza eta haurren postal lehiaketarik ez da izango. Antolatzaileek azaldu dutenez, osasun neurri guztiak bermatuta egingo da feria.

COVID-19aren pandemia dela eta, hasiera batean Napar Feriaren antolatzaileek ezer egiteko asmorik ez bazuten ere, azkenean, izango da San Antonio auzoan Nafarroako produktuak dastatzeko eta erosteko aukera eskaintzen duen zita. Ohi bezala, Gabonen aurreko zapatuan egingo dute feria; abenduaren 19an, hain zuzen ere. Zazpi postu izango dira, eta, besteak beste, gazta, kontserbak, gozoak, txokolatea eta patea egongo dira erosgai.

Patxi Uribesalgo Napar Feriaren antolatzaileetako bat da, eta, azaldu duenez, pandemia dela-eta beherakada izan da postu kopuruan, normalean hamar inguru izaten baitira. Hala ere, gustura daude antolatzaileak, zenbaki polita iruditzen baitzaie. Gainera, Uribesalgok komentatu du saltzaileen aldetik iritsi zitzaiela aurten ere feria egiteko proposamena Gabiria San Antonio Gure Ametsa Kultur Elkarteko kideei: "Komentatu ziguten beste toki batzuetan ere ari zirela feriak egiten, betiere segurtasun neurriak bermatuta". Hori kontuan izanda, feria egiteko ideia jakinarazi zioten Udalari, eta baiezkoa eman zien hark. "Distantziak mantentzeko lekua izango da", nabarmendu du Uribesalgok.

Hala ere, aurten ez da posible izango beste urte batzuetan antolatutako ekintzak egitea. Elkarte arteko XIII. Sukaldaritza Lehiaketa egin beharko litzateke, baina bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Horrez gain, ez da Gabonetako postalen lehiaketarik izango, ezta Alai Taldearen emanaldirik edo poney eta zezentxorik ere. Edozelan ere, Uribesalgok azaldu du saiatuko direla, nolabait, musikarekin edo, giroa alaitzen. "Jende pilaketak saihestu nahi ditugu, eta horretarako neurriak hartuko ditugu", azpimarratu du. Ekintza gehienak bertan behera gelditu behar izan badira ere, San Antonioko ermita zabalik egongo da, eta jaiotza bat jarriko dute ikusgai.

Urteroko zita

Bergararrentzat feria garrantzitsua izaten da San Antoniokoa, eta, Uribesalgoren hitzetan, urteen poderioz indarra hartzen joan da. "Denetarik izaten da Napar Ferian, eta familia zein kuadrillak gerturatzen dira". Gauzak horrela, aurtengo edizioa berezia izango den arren, antolatzaileek espero dute herritarrak feriara gerturatzea eta, ahal den neurrian, eskaintzaz disfrutatzea.

Patxi Uribesalgo: "Hasiera batean, ez genuen feriarik egin behar"

Gabiria San Antonio Gure Ametsa Kultur Elkartea arduratzen da feria antolatzeaz, eta bertako kidea da Patxi Uribesalgo. Aurten, zalantzak izan dituzte egin ala ez egin.

Hasieratik zeneukaten argi feria egin behar zenutela?

Hasiera batean, aurten, ez genuen feriarik egin behar. Egoera dela eta, ez zen posible normalean egiten ditugun ekintzak antolatzea; nekeza iruditzen zitzaigun. Saltzaileen dei bat jaso genuen, eta feria egiteko asmoa adierazi ziguten; orduan jarri ginen martxan.

COVID-19ari aurre egiteko neurriak errespetatuko dituzue, ezta?

Aurtengo feria ez da betikoa izango, baina, segurtasun neurriak bermatuta, betiko saltzaileak izango dira. Jendeak ohitura dauka ferian Gabonetarako patea, txorizoa edo gazta erosteko. Horiek guztiak bertan egongo dira, saltzeko deseatzen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak