Lankidetza hitzarmena sinatu dute FEXek eta Bergarako Udalak

Jone Olabarria 2020ko abe. 3a, 15:48

Bergarako alkate Gorka Artolak eta Fastening Competence Center elkarteko lehendakaria den Aitor Sotes Elustondok atzo sinatu zuten hitzarmena. Hala bazkide laguntzaile izateko prozesua abiatu du Udalak eta diruz lagunduko du torlojugintzari buruzko "erreferentzia- zentro espezializatu bat gauzatzea" helburu duen FEX proiektua.

Loturen industrian aritzen diren hamasei enpresek osatzen dute FCC, aurrerantzean FEX (Fastening Excellence Center). Gaur egungo "egoera berriari erantzuteko" eta "eraginkorragoak izateko" helburuarekin sortu dute taldea, "batuta indar handiagoa izateko".

Udaletik zehaztu dute Bergara "erreferentea" dela loturen industriaren esparruan, "izan ere, Espainiako estatuaren ekoizpenaren %50 gurean egiten da". Bergarako udalak proiektuan hasieratik hartu du parte, orain dela bi urtetik hona zuzendaritza-komiteko parte aktiboa izanik: "Bazkide laguntzaile izateko prozesua abiatu du Udalak eta diruz lagunduko du proiektua. Udala proiektua martxan jartzeko 50.000 euroko diru laguntza emateko prest dago 2019 eta 2020ko aurrekontuen kontura, eta 2019ko abenduaren 23an emandako Dekretu baten bitartez erreserbatuta geratu ziren 2019ko aurrekontuaren kontura eta 2020ko aurrekontuan badago behar beste diru izendapena".

"Erreferentzia indartzeko"

Alkateak proiektuaren "garrantzia" azpimarratu nahi izan du: "gure DNAn dauden ekintzailetza, berrikuntza eta elkarlana batzen ditu. Jada sektore honetan duen erreferentzia indartzeko balioko du". Une honetan sortzeak esanahi berezia duela ere adierazi du: "bizitzen ari garen osasun pandemian, proiektu berriak martxan jartzea garrantzitsua da, sortzailetasuna erakusten du”.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak