Markel Barrocalen lan integrazioan hartutako konpromisoagatik, 'Pauso Berriak' programaren diploma jaso du Udalak

Jone Olabarria 2020ko aza. 26a, 11:06

Gureak-ek eta Atzegik sustatzen duten 'Pauso berriak' programaren baitan ari da Markel Barrocal bergararra udaletxeko arreta zerbitzuan lanean. Programak desgaitasun intelektuala duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea ikusaraztea eta laguntzea du helburu.

Duela urtebete pasa hasi zen Udaletxean lanean Markel Barrocal, udaletxeko arreta zerbitzura gerturatzen diren herritarrak hartu eta zerbitzua ematen: "Herritarrei behar duten informazioa emateaz arduratzen da eta lehen tramiteak egiten laguntzen die. Arreta unea eta gunea humanizatu egin du, bere laguntzeko prestutasun eta jarrera irekiarekin". Udalean lankide dituenek ere "estimu handia" diotela aitortu eta “langile eta lankide bikaina” dela azaldu dute: “hitzekin ezin da eskertu zenbat ematen duen”.

Gureak-en bere perfila eta gaitasunak aztertu ostean, udalean izango zituen eginkizunak zehaztu eta herritarrei harrera egiteaz gain, beste hainbat lan ere egin ditu Barrocalek hilabete hauetan: "pandemiak eragindako etenaren ondoren udaletxera bueltatu denean, prebentzio neurriak kontrolatu eta eraikinean sartzeko jarraitu beharreko irizpideen berri ere ematen die herritarrei eta ordenagailu bidez txanden kontrola ere egiten du".

"Benetako inklusioa lantzea"

Gureak-ek diploma eman dio gaur, "egindako lan ona aitortuz", Gorka Artola alkatea eta bere lankideak ondoan izanda. Alkateak Pauso berriak programa nabarmendu du: "programa honen bitartez, benetako inklusioa lantzen da eta horrela, urrats errealak ematen ditugu pertsonen arteko berdintasunean. Herritarren berdintasuna oinarrizko ardatza da Bergarako udalean. Baina ez hori bakarrik, gazteei lanerako aukera eta ondorioz, formatzen jarraitzeko aukera ematen zaie".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak