"Musikak gizartea integratzen eta garapen bidean dauden herrialdeetan emakumeak ahalduntzen laguntzeko duen garrantzia" azpimarratu nahi izan dute kontzertuarekin eta hain zuzen, azaldu dutenez, hori izan da azaroaren 25a aukeratzeko arrazoia ere. Kontzertua doakoa eta sarrera librekoa izango da, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako kanalaren bidez eskeiniko da zuzenean, asteazkenean, 18:00etatik aurrera. Bergarako Musika Eskolatik, parte hartu nahi duen oro animatu nahi izan dute, "ekimenarekin bat egin eta mugez haraindiko sare solidario bat sortuz".
Emanaldian estatuko eta nazioarteko 11 musika talde eta eskolek parte hartuko dutela azaldu dute. Horien artean, Guatemalako El Reencuentro kooperatibaren emanaldia, Roberto Narciso Chavarría egilearen Río Polochic obra jota, baita Cabo Verdeko Escola Municipal de Artes Tututa-ren interpretazioa edo Mirzo Music Center-ena Kurdistandik.
Siriarako tresnen bilketa
Bigarren urtez eta aurreko edizioan emaitza "onak" lortuz, Mugarik Gabeko Musikariek Siriarako musika-tresnen banku bat sortu dute. Herritarrek, orkestra sinfoniko baten parte diren antzinako instrumentuak edo horien zatiak (arkuak, bizarrak, sokak, etab.) eman ahal izango dituzte, baita teklatuak, pianoak, gitarrak eta akordeoiak ere. Instrumentuak musika ikastera bideratuko direla azaldu dute, Siriako Musika Eskoletan emandako hezkuntzaren bidez.
Dohaintzak egiteko epea 2020ko azaroaren 25etik 2021eko urtarrilaren 29ra artekoa izango da,14:00etan, Euskal Herriko musika Eskola ezberdinetan. Instrumentua ezin bada eraman tamaina handikoa delako, entrega hitzartu ahal izango da, ehme@ehme.eu edo 605709530 telefonoaren bidez.