Urtarrilaren 25ean onartu nahi dute 2021erako udal aurrekontu "dinamikoa"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko aza. 23a, 15:20
Bergarako Udal Gobernuko bost zinegotzi, plan integrala aurkezteko agerraldian.

Bergarako Udal Gobernuak urtarrilaren 25eko osoko bilkuran landu eta onartu nahi du 2021erako udal aurrekontua. Diotenez, pandemiak eraginda, aurrekontu "dinamikoa" izango da: "Pertsonen zaintzan jarriko da indar berezia. Eta hori bermatu ahal izateko beharrezkoa da udaleko gizarte zerbitzuak ondo hornituta egotea; horregatik, bertara bideratuko den diru-partida mantendu edo igotzeko ahalegina lehentasuna izango da". Abendu hasieran helaraziko diete proposamena EAJri eta PSE-EEri.

Bergarako Udal Gobernuak jakitera eman duenez, uztailean abiatu zuen 2021erako udal aurrekontua lantzeko prozesua eta urtarrileko osoko bilkuran onartzeko helburua du: "Pertsonak jarri ditugu erdigunean lanketarako oinarrizko zutabe gisa. Pertsonen zaintzan jarriko da indar berezia. Eta hori bermatu ahal izateko beharrezkoa da udaleko gizarte zerbitzuak ondo hornituta egotea, horregatik, bertara bideratuko den diru-partida mantendu edo igotzeko ahalegina lehentasuna izango da. Datorren urterako aurrekontuen lanketan ere, eragin zuzena izango du osasun pandemiak eta hori aintzat hartuta ari gara lanean". 

Bestalde, adierazi dute "Bergara atsegin eta irisgarriagoa" izateko esku-hartzeak lehenetsiko dituztela inbertsioetan; hala nola, Zubieta berriro urbanizatzeko proiektua edo aisialdiko guneak. Horrez gain, tokiko garapenean eta ekonomia zirkularraren lanketari ere arreta jarriko dute: "Gaur egungo egoeran, inoiz baino ageriago dago bertakoak, tokikoak duen garrantzia eta udalari hau sustatzea ere badagokio". 

Bergararrok bizitza osasuntsua eta aktiboa izan dezaten ere sustatuko dute, diotenez: "Pertsona aktibo eta osasuntsuez osatutako herriak, herri biziak direlako eta etorkizuneko Bergara horrela irudikatzen dugu". 

Urtarrilaren 25eko osoko bilkurara begira

Uztailean hasi zen Udal Gobernua aurrekontu proiektuaren lanketan. Arlo teknikoa landuta, une honetan, "buru-belarri" dabiltza lan honetan. Azaldu dutenez, abenduaren hasieran helaraziko zaie proposamena oposizioko alderdiei eta abenduaren 15 arteko epea izango du aztertu eta ekarpenak egiteko. Aurreikuspena da, urtarrilaren erdialderako behin-betiko proiektua izatea eta urtarrilaren 25eko osoko bilkuran lantzea eta onartzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak