Cecilia Themme: "Garapenerako laguntzen forma hartu du kolonialismoak"

Jone Olabarria 2020ko aza. 20a, 15:57
Cecilia Themme, emakume migratu eta arrazializatuen sareko kidea.

Emakumeen Mundu Martxaren V. ediziotik tiraka, Martxanterek antolatutako hitzaldiek hainbat gai landuko dituzte azarotik martxora bitartean. Gaurkoa izango da lehena

Migrazioen kudeaketa Europa gotorlekuan izeneko hitzaldia eskainiko du gaur Kartzela Zaharrean, Cecilia Themmek (Lima, 1967), Emakume Migratu eta Arrazializatuen Euskal Herriko Sareko kideak.

2016an sortu zenuten Euskal herriko emakume arrazializatu eta migratuen sarea; zer helbururekin abiatu zenuten?

Kolektibo ez misto bat gara, Euskal Herrian bizi diren emakume arrazializatu eta migratuek soilik osatzen duguna, Euskal Herrian bizi dugun egoeraz hausnartzeko asmoz. Proposamena gure arbasoen ondarearekin jarraitzea da; hau da, arrazakeriaren, kolonizazioaren eta pairatzen dugun ordena patriarkalaren aurka borrokatuko den feminismoa eraikitzen joatea.

Kolonialismoa pairatzen duten emakumeen ahotsa entzutearen garrantzia azpimarratu izan duzue...

Beharrezkoa ikusten genuen gure artean sareak sortzea, geure kontuez hitz egitea, guri eragiten digutenez, sistema kolonial, arrazista, kapitalista eta heteropatriarkalaren baitan beste gorputz batzuek bizi dituztenen bestelakoak direlako. Baita gure narratiba propioak guk geuk eraikitzeko beharra ere, bitartekaririk gabe. Adibidez, emakume migratuez hitz egin behar badugu, gu geu izatea hitza eta protagonismoa hartzen dugunak, eztabaidatzea eta argudio horiek guztiak jartzea mahai gainean.

Gaurko hitzaldira etorrita, zergatik Europa gotorlekua?

Europa, iparraldeko herrialde asko moduan, itxita dago, migratzeko eskubidea batzuentzat bakarrik utziz, eta ez guztientzat, hala, giza eskubideak urratuz. Kolonialismoak indarrean jarraitzen du; lehen, itsasontziak erabiltzen ziren, eta, orain, modernitatea, nazioarteko enpresak eta garapenerako laguntzen forma hartu du. Mugak altxatzen dira pertsonentzat, baina ez lehengai eta merkantzientzat. Etengabeko harrapaketa eta pobretze horrek sortzen ditu migrazioak. Diskurtso hegemonikoaren atzean ordena sozial bat dago, arrazazkoa. Estraktibismo horrek milaka pertsona migratzera behartzen ditu; asko migratu nahi ez duten pertsonak izaten dira, euren burua horretara behartuta ikusten dutenak. Gorputz batzuk horrela ere heriotzara kondenatuta daude; nekropolitikei esker, heriotzaren politika horiek hainbat pertsona hiltzera kondenatzen dituzte. Horren adibide da egun dugun hobi komun handienetako bat, Mediterraneoa. Hala, Europa gotorlekua pertsonentzat itxita egotea, eta ez merkataritzarako indarrean dagoen sistema kolonialaren ondoriotzat ulertu behar da egungo testuinguruan.

Zer dakar Europako estatuentzat itxiera horrek?

Espainiako Estatuaren kasuan, esaterako, migrazio-politikaren kontrola industria handi bilakatu da. Por Causa fundazioaren datuen arabera, 2014tik 2019ra bitartean Espainiako Gobernuak 1.600 kontratu publiko baino gehiagoren bidez 164 milioi euro esleitu zizkien migrazioa kontrolatzeko enpresei; gehienak lehiaketa publiko gabe esleituak, gainera.

Nola egin aurre diskurtso hegemoniko eta kolonialismo horri?

Pertsona arrazializatu eta migratuak askotarikoak gara gure borroketan; hortaz, askotariko erresistentziak sortzen dira, narratiba bera bezala. Nire kolektiboaren kasuan, gauzak dekolonialitatearen paradigmatik ikusteak zentzua ematen dio gertatzen den guztiari, baita errealitatea lerro jarraitu gisa ez ulertzeak. Guretzat lerroak zirkularrak dira, nondik gatozen eta norantz goazen finkatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak