Bi lagunek oroimena galdu dute: oroitzapenak, historia, nortasuna; nor ziren ziurtatzen zieten egia guztiak amildu zaizkie. Ondorioz, euren burua asmatu beharrean dira, nortasun bat eraiki beharrean, nor diren erakutsiko dieten aztarnen bila, irudimena erabiliz eta jolasa aldarrikatuz euren bizitzaren ardatz. Hori da 1993an jaiotako Arabako antzerki taldeak 2012an sortu zuen antzezlanak kontatzen duen istorioaren muina. Euskal Herrian zein nazioartean 180 emanalditik gora eskaini dituzte, eta zuzendaritza eta interpretazioa goraipatzen dituzten sariak jaso ere bai. Umore absurdoa eta konprometitua da Zanguango Teatroren marka.
Bi aktorek antzeztuta
Migel Muñozen zuzendaritzapean, Txubio Fernandez de Jauregui eta Miguel Garces dira taularen gainean protagonista. "Ikuskizun komiko-poetikoa da, ikus-entzuleak hunkitzen dituena. Egoera barregarriak biziarazten ditugu; ikusleak, orokorrean, identifikatuta sentitzen diren gertaerak", azaldu dute konpainiakoek.