Euskal presoen eskubideen aldeko egitaraua antolatu du Sarek

Ainhoa Arana 2020ko aza. 18a, 14:57

Helburua presoak eta iheslariak etxera itzultzea dela adierazi dute Saretik eta horretarako ekimen desberdinak antolatu dituzte.

Azaroaren 20, 21 eta 22ko asteburuan kale, plaza eta mendietara aterako direla adierazi dute Saretik eta Espainiako eta Frantziako gobernuei "borondate politikoa" eskatu diete. Egubakoitzean ohiko enkartelada egingo dute plazan arratsaldeko 19:30etan, izan bidea, bidea gara eta presoak etxera pankartekin. Zapatuan, hilak 21a, arratsaldeko 18:30etan, Gure Ama-lur feminista da bertso liburuaren aurkezpena egingo dute. Ibon Muñoa preso ohia da liburuaren egilea eta bertan egongo da aurkezpenaren egunean. 20 urte pasa ditu preso eta 1080 bertso, zazpi liburutan idatzi ditu. Kartzela zaharrean izango da aurkezpena eta edukiera mugatua izango da, beraz, aldez aurretik izena ematea gomendatzen da ibonliburua@gmail.com helbide elektronikoan. Azkenik domekan, San Martzialeko buelta egingo dute. Erronka bat planteatu dute; baietz 222km egin, preso bakoitzeko kilometro bat. Goizeko 10:30etan irtengo dira autobus geltokitik eta argazkia Zurran aterako dute.

Herritarrak ekimenetan parte hartzera animatu nahi dituzte eta konponbidearen bidea eraiki nahi dutela azpimarratu dute, preso eta iheslariak etxera bueltatzeko bidea, bizikidetzara eta bakera daraman bidea hain zuzen ere. "Azkenik, aldarrikatu nahi dugu euskal presoak eta haien senideak ez daudela bakarrik eskubide-urraketa horien aurrean, kalean gero eta gehiago garelako haien duintasunaren, haien eskubideen eta haien etxeratzearen alde borrokan".

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak