Egungo egoerak baldintzatuta, aretoaren edukiera mugatuta, nahi izango luketen denek ez dute gaurko bertso saioa bertatik bertara jarraitzeko aukerarik izan, sarrerak agortu egin dira eta. Aukera izan dutenek, hori bai, arratsalde polita pasatzeko aukera izan dute Uria, Sarriegi eta Gaztelumendiri entzuten.
Askotariko gaiak jarri dizkie Unai Arantzabalek, eta haiei erantzunez eta askotariko moldeetan jardun behar izan dute bertsolariek. Noski, umorerik ere ez da falta izan, bertsoaldi serioagoekin batera.
Kopla Barik bertso eskolakoek prestatutako gaiak gizarte eta politika arloetakoak izan dira, besteak beste; ariketetako batean, bestalde, Bergaran erabiltzen diren berbak esan dizkie gai jartzaileak bertsolariei, eta zer esan nahi duten asmatzen saiatu behar izan dute bertsolariek.
Ordu eta erdiko saioaren ondoren, gustora geratu dira bai antolatzaileak eta baita publikoa ere, eta bertsolariek ere pozik amaitu dute saioa.