Bergarako EAJk bizikidetza mahaiari heldu nahi dio berriro, memoriaren izenean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko aza. 10a, 08:32
EAJko udal taldea, pandemian egindako osoko bilkura baten.

Gaur, azaroak 10, Memoriaren Eguna dela-eta oharra kaleratu du EAJk eta, besteak beste, EH Bilduri eskatu dio bizikidetza mahaia berrartzeko: "Azaroaren 10a aprobetxatu nahi dugu EH Bilduri eskatzeko bizikidetzako mahaian egindako bidea berrartzeko eta Bergarako ordezkari politiko guztiekin batera hasitako bidea jarraitzeko".

Jeltzaleek prentsa ohar bidez aditzera eman dute iragana gogora ekartzearen garrantzia: "Azken ikerketen arabera belaunaldi berrien artean ezjakintasun handia dago azken hamarkadetan Euskal Herrian jasandako indarkeriaren inguruan. Gazteria heztea oso garrantzitsua da, iragana oroimen ariketa batetik ezagutu eta ahaztu ez dezaten. Bergarako EAJk, argi du, gure herria bizikidetzan oinarrituta eraikitzen jarraitu ahal izateko, aurrera egiteko, iragana ezagutu behar dela eta ezin dela ahaztu, berriz gerta ez dadin. Alegia, iraganera begiratu beharra dugu, etorkizuna ezagutzeko eta ikasteko, iragana gure orainaren zatia delako eta gure etorkizunerako ikaskuntza izatea nahi dugulako".

Bizikidetza mahaia

Era berean adierazi dute aurreko agintaldia Bergarako EAJk bizikidetza mahaia eratu zuela: "Arlo horretan aurrerapausoak emateko nahiarekin sortu genuen. Bergararren eta gure herriaren erronka baita etorkizunean giza eskubideen urraketak saihestea eta bizikidetzan oinarritutako herria eraikitzea eta, nola ez, ustez itxirik beharko luketen orbainak berriz ez irekitzea. Ikuspegi etiko baten alde lan egitea nahi dugu giza duintasunean, errespetuan, giza eskubideen defentsan eta zentzurik gabeko indarkeriaren deslegitimazioan oinarrituta; izan ere, ezein kausa politiko, ezein estatu-arrazoi ez baitago pertsonen duintasunaren gainetik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak