"Hainbat hutsune" ikusten ditu EAJk 2021erako ordenantza fiskalen proposamenean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urr. 19a, 16:23

EAJko sei zinegotzi, iraileko osoko bilkuran.

Urriaren 26ko osoko bilkuran 2021eko ordenantza fiskalak onartzekoak direla-eta, Bergarako EAJk emendakinak aurkeztuko dituela iragarri du ohar bidez: "Proposamenak gauzatzeko bizi dugun osasun krisia eta krisi ekonomikoaren egoera kontuan hartu ditugu, eta helburua nagusia ekonomiari bultzada bat ematea da; ezinbestekoa da zergak ez igotzea eta kaltetuak suertatu diren sektore eta pertsonak laguntzea".

Hiru zutabe nagusiren bueltan zehaztu dituzte emendakinak. Lehena, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergei dagozkienak: "Osasun krisia dela-eta, hainbat komertziok, jatetxek, tabernak, enpresak … bizigarritasun baldintzak hobetzeko, euren lokalak egokitu behar izan dute edota oraindik ere askok izango dute. Horregatik, proposatzen dugu osasun egoerak behartuta obrak egin behar dituzten lokalei % 90ko hobaria ezartzea".

Bigarren emendakin nagusian jeltzaleek proposatu dute 2020an onartutako tasak mantentzea, Udal Gobernuak "hainbat tasen eguneraketa" proposatzen duelako: "Ez da tasen eguneraketarako momentua, nahiz eta aldaketa txikia izan. Horregatik, orokorrean 2020an onartutako tasak mantentzea proposatzen dugu". Eta Agorrosinera joanda, erabiltzaileen "fideltasuna" saritzea proposatzen dute: "Urte osoko abonatuak mantentzeko hobari berri bat ezartzea proposatzen dugu, beti ere COVID-19ak eragindako egoerak dirauen bitartean; urteko abonuetan hiru hilabete osok duen prezioa deskontatzea proposatzen dugu"

Hirugarren emendakinetan Udal jabegokoen diren eremuan hobari batzuk proposatzen dituzte. Lehenean, ikus-entzunezkoen bueltan Udal Gobernuak proposatu nahi duen tasa ez kobratzea eskatzen dute: "Udal gobernuak herrian garatzen diren ikus-entzunezkoen grabazioei tasa berri bat ezartzearen aurrean, tasa berri hori ez kobratzea eskatzen dugu; euskal ikus-entzunezkoen proiektuak bultzatzea gure erantzukizuna ere bada, eta ezin dugu ahaztu zuzenean edota zeharka herrian sortzen dituzten onurak". Terrazei dagokienez, tasarik ez kobratzea proposatzen dute jeltzaleek 2021eko abenduaren 31ra arte: "Ez dago zalantzarik ostalaritza eta tabernak direla bizi dugun krisiaren ondorioz kaltetuenetarikoak. Osasun krisia luzatu egingo denez, EH Bilduren gobernuaren proposamena zabaltzea proposatzen dugu, terrazak okupatzeagatik tasen salbuespena 2021eko abenduaren 31ra arte luzatzea".

Aurreko neurriaz gain, EAJk komertzio eta ostalaritzarako beste neurri bat proposatzen du zaborraren eta uraren tasei dagokienez: COVID-19agatik astebete edo gehiago itxi behar izango duten ostalaritza establezimenduek edota komertzioek %99ko hobaria izatea, itxita dauden egun horiei aurre egiteko. Eta azokako postuen kasuan ere tasaren 99% hobaria proposatzen dute,  betiere, COVID-19ak eragindako krisiak irauten duen bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak